Asier Garatxenarekin hizketan

Bideojoko garatzailea, musikagilea, diseinatzailea, ekoizlea… denetariko karguak betez hasi du bere ibilbide profesionala Asier Garatxenak. Tartanga LHII ikastetxean bideojokogintzako lehen pausoak eman ondoren —Jokotekniako 2022ko mahai inguruan parte hartuta—, Gaua Games estudio bilbotarra eratu du lagunekin batera.

2022ko Jokotekniako Tartangako ikasle gisa mahai inguruan parte hartu ondoren, 2025koan garatzaile profesional bilakatuta itzuliko zara. Zure lehen bideojokoa sortzen zabiltza une honetan: Darby is Here Forever. Zer ikusiko dugu bertan?

Ez dakitenentzat, Darby Is Here Forever retro plataforma jokoa da: pixel art estiloan egindakoa, 8 bit-eko soinuekin. Darby ume banpiroa dugu. Gurasoak oporretan joan dira, baina, banpiroak asko bizi direnez, oporrak ere, oso luzeak dira. Urteak igaro dira, eta Darbyren gurasoak ez direnez itzuli, inguruko deabruak familiaren lurrak hartzen hasiak dira. Darby hau guztia konpontzeaz arduratu beharko da gurasoak bueltatu baino lehen, lau maila desberdinetan zehar askotariko mekanikak erabilita.

Gaua Games taldearen titulua da, lagun artean sortutakoa. Nola jaio zen?

Tartangako VR ikastaroan David eta Gontzal ezagutu nituen, eta prototipo txikiarekin hasi ginen, puzzle joko batena. Prototipo horretatik, Gontzalen ikaskide ohi batek Game Jam baterako norbait ote zeukan galdetu zigun; Gontzalek, guri proposatu ondoren, Game Jamarekin hasi, eta bi egunetan Darby Is Here Foreverrren lehen prototipoa sortu genuen.

Zein da zure kargua Gaua Gamesen?

Taldea lau pertsonek bakarrik osatzen dugunez, ez daukat kargu zehatzik: musikagile lanak betetzen ditut beti, baina, hasieran, ekoizleetako bat izan nintzen, menen programatzailea, eta, orain pixel artista, baita. Egun, gutxi gelditzen zaigu jokoa amaitzeko: oraindik gauzak aldatu ahal direnez, agian diseinatzaile izendatuko naute? Auskalo.

Hasitako ibilbidean Euskal Herriko erakunde desberdinen laguntza jaso duzue. Bideojokoen industria beste modu batera ikusten hasi dira erakundeak?

Erakundeen bultzada industrian lehen pausoak eman genituenetik ikusi dugu; orduan, zaila da erakundeek gaur egun beste modu batera ikusten ote duten bideojokoen industria. Guretzako, betidanik izan da horrela. Hala ere, badirudi baietz, industriako beterano askorekin hitz egin ondoren, beste modu batera ikusten hasi direla esan daiteke. Game.eus bideojokoak bizkortzeko campusa, adibidez, erakundeen ikuspuntuaren aldaketaren froga bat da.

Utzi erantzuna