Jon Juarezekin hizketan

Ikus-entzunezkoen munduan sartuta ibili da, betidanik, Jon Juarez. Askotariko esparruei heldu dizkio marrazkilariak, adibidez, Scavengers Reign telesaileko ekoizpenaren diseinuan, baina bideojokoen munduan barneratzea izan da bere ametsetako bat. Bi dimentsioetan maisua bada ere, arte kontzeptuala prestatuta, hiru dimentsioetan arazo handirik gabe mugitzen dela aitortzen du.

Artearen munduari ikuspegi eta arlo desberdinetatik heldu diozu. Zein motatako proiektuetan aritu zara?

Nire nahia beti komiki, labur zein berezko bideojokoak egitea izan da. Norabide horretan, tartean eskatu dizkidaten hainbat motatako lanak egin ditut: musika taldeen kartelak eta diskoak sortu ditut, testu liburuak prestatu, eta, batez ere, bideojokoetan nahiz bestelako ikus-entzunezkoen proiektuetako aurreprodukzioetan parte hartu dut. Beste lan arraroagoak egin ditut, baita: adibidez, telekomunikazio enpresa batean sortzaile lanak eginda.

Bideojokoen industriara ere hurreratu zara. Kasu honetan, zeintzuk izan dira zure eginbeharrak? Zeintzuk izan dira zure proiekturik gogokoenak? 

Bideojokoen munduan, orokorrean, prototipoetan egin dut lan. Bungie eta Square Enix enpresetan aritu izan naiz; hala eta guztiz ere, nik dakidanez, parte hartutako prototipoek ez dute aurrera egin, eta argitaratu gabe geratu dira.

2Da eta 3Da uztartu al ditzake artista batek?

Niri errazagoa egiten zait 3D espazio batean diseinatzea, konposizioak eta barruan mugitzeko ematen dizkizun aukerak kontuan hartuta. Nahiz eta nere lan sortak, portfolio-ak, 2D itxura duen, hasiera batetik 3Darekin egin dut lan. Horrek, tamalez, arazoak ere ekarri izan dizkit noizean behin, 2D produkzioetarako deitzen didatelako, nahiz eta nere lanaren % 90 hiru dimentsioetakoa den.

Euskal Herrian, zer bide dauzkate bideojokoen artearen munduan sartu nahi duten ikasleek?

Ni 27 urterekin hasi nintzen. Ez neukan batere argi hau lan bat izan zitekeenik, eta, dirua eskaini zidatenean, berehala heldu nion mundu honi. Ikasleei esango nieke, aukera izanda, ardura gutxiagoko bizitzaren atal horretan beren proiektuak garatzeko aprobetxatzeko. Sormen autonomia lortzea ezinbestekoa izango da beraientzat etorriko diren etorkizuneko lanetan.

Utzi erantzuna