Eider Zabalegi eduki sortzaileak euskarazko zuzenekoak eta bideoak ekoizten dihardu YouTube zein Twitch plataformetan Il4rgi ezizenarekin. Horrez gain, Oiartzun Irratiko Arguyuan saioan parte hartzen du bideojokoei zuzendutako txokoan, hilabete bakoitzeko titulurik interesgarrienak aurkeztuz.
Youtuben zuzenekoak eta gameplayak egiten hasi zinen euskaraz. Zergatik edo nola erabaki zenuen mundu honetan murgitzea?
Youtuben zuzenekoak egiten, 2016an hasi nintzen il4rgi izeneko kanalean. Garai haietan ez nuen euskaraz bideojokoei buruz aritzen zen katerik ezagutzen Youtuben. Oroitzen naiz, bilatzen saiatuta ere, ez genuela inor topatzen, egun batean, kasualitatez, Game Erauntsiarekin topo egin genuen arte.
Beren webgunean euskaraz bideojokoetan aritzen ziren youtube kateak ezagutu genituen, eta, ibila87rekin batera, kate bana sortzera eta bideoak egitera animatu ginen. Batzuetan elkarrekin kooperatiboan jolastuz, eta beste batzuetan bakarka. Hasieratik izan genuen garbi, bideoak euskaraz egingo genituela, gure eguneroko hizkuntza delako eta erosoen komunikatzen garen hizkuntza euskara delako.
Gaur egun Twitch-en ibiltzen zara zuzenekoekin. Zer behar du jokalari batek halakoekin hasteko?
Twitch-en zuzenekoak egiteko era desberdinak erabil daitezke. Ordenagailutik edo bideokontsoletatik zuzenean egin daitezke. Nik nire zuzenekoak ordenagailutik egiten ditut, Streamlabs programaren bitartez. Ordenagailuaz gain, kapturagailua erabiltzen dut bideojokuen soinua eta irudia ordenagailura bidaltzeko, eta webcama ere badut, ni jolasten agertzeko. Orain nire ahotsa webcamaren bitartez emititzen dut, baina hasieran mikrofonoa erabiltzen nuen.
Xbox-en eta PlayStation-en jokatzen dutenek, aukera erraz eta zuzena dute, beren kontuak Twitch-ekin lotu eta zuzenekoak egiteko, baina Nintendoren kasuan kapturagailua eta ordenagailua beharrezkoak dira, kontsolak ez duelako aukera hori ematen. Internet konexio ona izatea ere garrantzitsua da zuzenekoa etenik gabe eta kalitate onean egiteko.
Zein da euskal eduki sortzaileen egoera plataforma honetan?
Tamalez gaur egun Twitch plataforman eduki sortzaileen egoera ez da oso ona. Twich gutxi kontsumitzen da Euskal Herria,n eta oso zaila da kate berri bat zabaltzea, ezagutaraztea eta jende askori helaraztea.
Baina euskal eduki sortzaileen artean, hor gabiltza polik-poliki txokoa eraikitzen, eta 3000 Twitz ekimenari esker, oso komunitate euskaldun polita sortu da Twitch-en. Elkarri laguntzen diogu edukia zabaltzen, ikusten, komentatzen eta parte hartzen, hasiberriei lagunduz eta jendea zuzenekoak egitera eta kontsumitzera animatuz.
Jokalari euskaldunak parte hartzera animatuko zenituzke?
Noski, zalantzarik gabe! Egia da ohitu egin behar zarela, jolasten ari zaren bitartean jendea irakurtzen, erantzuten, kasu egiten.. baina oso dibertigarria da. Gainera, garrantzitsua da euskarazko edukia egitea; sortu ezean, ez dugu euskaraz edukirik ikusteko aukerarik izango.