Askotariko munduetan barneratu da Eneko Azedo. Rol jokoekin hasi bada ere, eleberrien idazlea da; nola ez, bideojokoen munduan ere bere ekarpenak egin ditu, batez ere ADUR Azken Erronka proposamen interesgarriarekin. Une honetan, unibertso berean girotutako bideojoko berria prestatzen ari da.
Ikerlaria, idazlea, mahaijokoen sortzailea, bideojokalaria… eta bideojokogilea. Nola hasi duzu bidaia berri hau?
Mahaijokoetan eta bideojokoetan betidanik jolastu dut, baita hainbat mahai eta rol joko asmatu ere. Istoriogintza gustuko dut ,eta nobela bat kaleratu dut aurten, Iraileko zazpi egun izenekoa, Elkar argitaletxearen eskutik. Egindako jokoen artean, 2021ean argitaratu nuen ADUR rol jokoa arrakastatsuena izan da. Nire lanagatik programatzen dakit, ingeniaritza arloan ikerlaria naizelako, eta, beraz, ADUR rol jokoaren bertsio digitala prestatzea niretzat bidearen jarraipen naturala izan da.
Askotan esaten dugu rol jokoak bideojoko analogikoak direla. Familia beretik datozela esan daiteke?
Nik alderantziz esango nuke, bideojokoak mahai jokoen bertsio digitalak direla! Eta, bideojokoen artean, RPG edo roleplaying game sailkapenean sartzen direnak mahaian paper eta arkatzarekin jolasten diren rol jokoetatik datoz. 1974an irten zen Dungeons & Dragons jokoan oinarrituta, irten ziren lehen egokitzapenak: Colossal Cave Adventure, Dungeon, Zork… hauek testua bakarrik zeukaten. Ondoren Ultima, Wizardry eta Zelda serieak garrantzitsuak izan ziren, eta beranduago Final Fantasy eta Dragon Quest. Gaur egun, Dark Souls motakoak, Baldur’s Gate, etab. izugarrizko arrakasta daukate.
Hauek guztiak rol jokoak dira, eta paperean goza daitekeen esperientzia berdintsua ematen dute. Aldea da, bideojokoek irudia daukatela, eta, beraz, paperezko eta pantailazko rol jokoen artean, liburu eta film baten artean dagoen erlazio bera ikusten dut: biak gozagarriak dira, medio ezberdinetan.
ADUR proiektua bideojokoetara eramaterakoan, Telegram bidez jokatzen den Azken Erronka interesgarria prestatu zenuen. Nola bururatu zitzaizun?
2022an, programatzen jakin arren, ez neukan interfaze grafikoekin esperientzia handirik menuak sortzeaz harago, eta marrazten ez naiz iaioa. Beraz, ADUR jokoan oinarritutako testu bidezko joko digital bat garatzea bururatu zitzaidan, ADUR Azken Erronka izenekoa. Nire lagunentzako eta ezagunentzako bitxikeria baino ez zen izan behar, eta, horretarako, Telegram erabili nuen medio gisa, programatutako bot baten bitartez.
Gertatu zen izugarrizko arrakasta izan zuela, eta, ahoz aho zabalduta, geroz eta jokalari gehiago batzen joan ziren. Telegram erabiltzeak jokalari asko aldi berean jolastea eta hartu-emana bideratzea posible egiten du, eta, Massively Multiplayer Online Role-Playing Game (MMORPG) kontzeptua hartuz, funtzionalitateak sartu nituen jokalarien artean objektuak emateko eta saltzeko, erronkak elkarrekin egiteko, etabar. Ingelesezko izena euskaratuz, lehen Jokalari Ugarirentzako Euskal Rol Joko Online Itzela, edo JUERJOIa, jaio zen, eta bertan 100 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten. Jokalariek taldetxoak sortzen zituzten jokoaren mundutik elkarrekin bidaiatzeko eta erronkak gainditzeko. Oso esperientzia polita izan zen, eta asko ikasteko aukera eman zidan.
Orain, proiektu horren jarraipena duzu esku artean… zer konta dezakezu horren inguruan?
Telegrameko jokoaren zerbitzaria urtebetez piztuta egon zen, eta, 2023an jokoa ixtea erabaki nuen, zerbait aurreratuagoa prestatzeko. Ordutik, Unity ikasten egon, eta, pixkanaka, ADUR Azken Erronka Unityra egokitzen joan naiz. Kode guztia Pythonetik C#era pasatu dut, gauzak hobetzeko aprobetxatuz , eta interfaze grafikoa prestatzen joan naiz, oraingoan irudiekin.
Euskal Herriko mapan zehar bidaiatu eta pertsonaiaren fitxa kudea daiteke; leku bakoitzean zer dagoen testu bitartez azaltzen da, eta dauden borroka ugariak txandaka jolasten dira. Imanol Etxeberria proiektuan sartu da, paperezko ADUR joko originalean egon zen marrazkigile bikaina. Bion artean, eta kanpoko laguntza puntualekin, oso lan polita aterako dugula uste dut. Azaroan Itsulapikoa izeneko crowfunding plataforman azalduko dut proiektua, eta 2026ko udaberrirako jokoa argitaratzea espero dut. Lehendabizi Windows-erako izango da, eta, ondoren, GNU/Linux-erako (beraz, Steam Deck-erako) eta Android-erako.