Jokoteknia jardunaldien 2. liburuxka aurkeztu dute Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak

Liburuxkak Jokoteknia Euskal Bideojokoen Jardunaldien 2021eko, 2022ko eta 2023ko hitzaldiak biltzen ditu. Edizio fisikoa zein digitala kaleratu dira.

Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak Jokoteknia jardunaldien 2. liburuxka argitaratu dute. Euskal Bideojokoen Jardunaldiko hitzaldiak eta informazioa biltzera eta ezagutzera ematera bideratutako proiektuaren jarraipena da.

Zehazki, 2021eko, 2022ko eta 2023ko jardunaldietako partaideek eskainitako hitzaldiak dira liburuan laburbildutakoak; alegia, hamalau hizlariren aurkezpenak irakur daitezke. Bideojokoak ardatz hartuta, era guztietako gaiak eta alorrak jorratzen ditu liburuxkak: diseinutik, animaziotik edo programaziotik hasita, itzulpengintza, ekintzak, musika eta soinua zein hizkuntza gutxituetako bideojokozaleen komunitate desberdinen egoera landu dira hitzaldietan Ibai Aizpurua, Anize Amestoy, Morgan Roberts, Eider Zabalegi edo Edurne Larraza bezalako adituekin, beste hainbaten artean.

[2. liburuxka deskargatu]

Itziar Zorrakin Game Erauntsia Elkarteko kidea arduratu da edizio lanak bideratzeaz; berarekin batera aritu dira Lander Unzueta eta Joxeba Lizeaga elkarkideak, zuzenketa lanak burutzen.

2. liburuxka paperean zein formatu digitalean argitaratu da. Azkue Fundazioak Bizkaiko liburutegi publiko guztietara bidaliko du paperezko ale bana. Game Erauntsia Elkartetik, bestalde, liburua Euskal Herriko liburutegi eta kulturgune desberdinetatik zabaltzeko lana egingo da.

Bukatzeko, kopia digitala EPUB formatuan eta dohainik eskaini da. Hemen sakatuta jaitsi daiteke. 2022an argitaratutako lehen liburuxka, berriz, esteka honetatik deskarga daiteke.

 

Utzi erantzuna