Soinu eta musika sortzailea «Sound designer» | Autonomoa
Anize Amestoy bideojoko soinu eta musika sortzailea da. Soinu teknikari eta diseinatzaile heziketa jaso du René Cassin, IUT d’Angoulême eta ENJMIN ikastetxeetan. Kanaldude telebista katean soinu muntatzaile lana burutu du. 2018 eta 2020 urteen bitartean soinu diseinatzaile aritu zen Ubisoft-en. Gaur egun, soinu eta musika sortzaile independentea da, soinu sorkuntza, integrazio eta muntaketa zein nahasketa lanak burutuz. Besteak beste, honako bideojokoetan lan egin du: Mario + Rabbids: Kingdom Battle – Donkey Kong Adventure DLC (Ubisoft, 2018), Ghost Recon: Breakpoint (Ubisoft, 2019), Watch Dogs: Legion (Ubisoft, 2020), Pile Up! Box by Box (Seed by Seed, 2021), Kahoot! Multiplication Games (DragonBox, 2022) eta Mario + Rabbids: Sparks of hope (Ubisoft, 2022).
Soinuekin Jostetan – Bideojokoetako soinu sorkuntzaren aurkezpen bat
Hitzaldi honen helburua, bideojokoen ekoizpenen baitan, soinu sortzaile lana aurkeztea da. Horretarako, Amestoyk bere burua laburki aurkeztu, eta, jarraian, bideojokoaren formatuak ondorioztatzen duen interaktibitatea azalduko du, zinemarako edo telebistarako egiten den lanarekin alderatuz.
Ondotik, bideojokoetarako soinu eta musiken sorkuntzaren berezitasunak aurkeztuko dira. Sorkuntzarako soinu elementu ezberdinen jatorriak aztertuko, eta hauek nola lantzen diren deskribatuko dira. Interaktibitateak musikaren sorkuntza nola moldatzen duen aurkeztuko da, gainera.
Audioaren integrazioari dagokionez, irudi, soinu eta jokoaren arteko interaktibitatea nola sortzen den erakutsiko da. Horretarako, Amestoyk erabiltzen dituen tresnak laburki aurkeztuko ditu, soinuaren bilakaera fisikoaren simulazioa nola ahalbidetzen duten azalduz.
Azkenik, bideojoko baten soinua nola nahasten den, eta arazoak nola konpontzen diren zehaztuko du, baita jokolariekiko harremanaren garrantzia aurkeztu ere.