Edurne Larraza

Edurne Larraza

Edurne Larraza

Irakaslea, ikerlaria eta ingeniaria. | UPV/EHU

Informatikan Ingeniaria (1999) eta doktorea (2014) UPV/EHUko Informatika Fakultatean eta Informaziorako eta Komunikaziorako Teknologiak Formazioan Masterra (2005) Mondragon Unibertsitatean. UPV/EHUko Informatika Fakultateko Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia saileko irakaslea 2000. urtetik. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (UPNA) ere irakatsi zuen 1999 eta 2001 urteen artean.

Informatika euskara eta hezkuntza triangeluan mugitzen da eta horregatik da ere UEUkide. Informatikaren irakaskuntzan egiten du ikerketa ADIAN taldeko kide gisa eta JolasMATIKA proiektua zuzentzen du 2016/2017 ikasturtetik, Informatikaren irakaskuntza Lehen Hezkuntzaraino eramateko helburuarekin. Informatikaren irakaskuntza dela eta hasi da mahaijolas eta bideojokoen munduarekin harremanetan.

Bideojokoen garapenean “ez aditua, ezta aritua ere” den informatikaria dela dio Larrazak. Are gehiago, bideojokoetan gutxi ibilitakoa dela ere aipatzen du. Hala ere, Informatikako gradu batean “ikasleak erakartzeko gai egokia izan daitekeela” iruditzen zaio, eta irakaskuntza gustuko izanik, horretaz aprobetxatzen da Informatika Fakultateko irakaslea.

Bideojokoen bidez irakasten

Jokoteknian parte hartzera eraman duen ibilbidea kontatzerako unean, “konputagailu baten Sarrera/Irteera azpisistemaren kontrola era atseginago eta ulergarriago baten bila Nintendo DSarekin saltseatzen hasi” zenetik, “Linux sistema eragilerako aplikazioen programaziotik testu abenturekin engaiatu” zenekoa, eta “sistema digitalen diseinua irakasteko Minecraft ulertzen saiatu” zen arte emandako pausoak aipatzen ditu.

“Elkarrengandik ikasteko asko dugula” dio: “Hezkuntza eta bideojokoak neurrian uztartuz gero ibilbide polita dutela” iruditzen zaio informatikariari. Hortaz, bideojokoek informatika arloko ikasleei eskain diezaioketena laburbilduko du, horretarako bere ibilbide profesionalean ikasitakoak eta landutakoak erabiliz.