Bideojoko garatzailea | Zomorro Studio
Ibai Aizpurua Zomorro Studio izenpean lan egiten duen Irungo garatzaile hasiberria da. Bideojoko zaletu handia betidanik, pixkanaka afizioa ofizio bihurtzen saiatzen ari da. Arte ederrak ikasi ondoren, ilustrazio lan txikiak egin ditu, irakaskuntzaren eta kulturaren munduko lanekin uztartuz azken urteetan. Aldi berean, aisialdian bideojoko txikiak sortzen ibili da, bakarka zein lagunekin. Bere lanen artean Arroxa (2021) aipa daiteke, baita garatzen ari den euskal mitologian oinarritutako Guillotine ere. 2021ean Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zuen Barraka jokoa sortzeko; 2022ko Azokan aurkeztuko da.
Nahiz eta bere berezko jakintzak marrazketa eta animazioa izan, azken urteetan programazioan eta jokoen diseinuan murgildu da bere kabuz bideojokoak garatu ahal izateko.
Bideojokoez gain mahai jokoen maitale handia da, eta, orokorrean, izaera propioa duten mota guztietako proiektu interesgarriak nahiz bereziak gogoko ditu.
Zer da Game Jam bat?
Gaur egun bideojoko prototipoa sortzeko biderik eraginkorrena Game Jam-etan parte hartzea da. Game Jam-ak bideojoko sorkuntza maratoiak dira. Ekimenotan, gai bat zehazten da hasterakoan. Helburua epe mugatuan gai hau jorratuz bideojoko bat sortzea da. Nahiz eta batzuek txapelketa formatua eduki, batez ere taldekako edo bakarkako ikasketa erronkak izan ohi dira. Ekintza hauetan ideia eta jakintza asko ikasteaz gain, lagunak eta jende interesgarri ugari ezagutzeko aukera aparta dira.
Jam-etan sorturiko ideiek edo sortutako taldeek batzuetan etekinak ematen dituzte bideojokoen edo talde garatzaileen forman. Esperimentatzeko eremu hauei esker ezagunak diren joko ugari sortu izan dira, besteak beste, Celeste (Maddy Makes Games, 2018), Superhot (Superhot team, 2016), Goat Simulator (Cofee Stain Studio, 2014) eta Gods Will Be Watching (Deconstructeam, 2014).
Hitzaldi honetan hautazko presiopean lana egitearen abantailak, gomendioak eta emaitzak ikusiko eta aztertuko ditugu.