Konpositorea |
Paula Olaz (Iruñea, 1989) soinu banden konpositorea da, zinema, telebista, antzerki eta bideojokoetarako. Txikitatik izan zuen musikarekiko interesa, eta 19 urte zituela Amsterdamera joan zen bizitzera; handik Frantzian, Alemanian eta Suitzan ere bizi izan zen. Berklee College of Music-en ikasi zuen zinemarako musika (film scoring), eta cum laude graduatu zen. Han Graduate Assistant gisa ere aritu zen, Campus Tech Lab-en.
Hainbat filmetan eta telesailetan aritu da: Handia, Errementari, Dantza, La trinchera infinita, Nora, Crónica de una tormenta, Malpaso, La cima, Alguien que cuide de mí, Las buenas compañías, Verano en rojo eta El bus de la vida ekoizpenetan, besteak beste. Haren soinu banda batzuk MovieScore Media zigiluak argitaratu ditu.
Bideojokoetan musika interaktiboa landu du (branching eta layering teknikak, Max eta FMOD tresnekin), Tzuki’s Plan B (Cokoon Games) bezalako proiektuetan. Gaur egun, hiru bideojoko-proiektutan ari da lanean: The Potato Forge-ren The Forge (A Gummings Tale: The Blacksmith) erritmo-jokoan, eta Xabier Olazen Ply eta Parkoff! jokoetan. Parkoff!-ek Bideojoko Proiektu Berritzaileenari RTVE/Fallo de Sistema saria irabazi zuen 2025ean, Valentziako Weird Market-en.
Astronomiak eta unibertsoaren soinuak ere erakartzen dute: 2017an Child of the Universe lana zuzendu zuen Londresko Air Studios-en, Europako Espazio Agentziarentzat (ESA), Hubble teleskopioaren irudietan oinarrituta. Geroztik datuen sonifikazioa ikertzen du, CERNekin elkarlanean. Donostian bizi da, eta soinu banda eta musika-teknologia ikastaroak ematen ditu.
Bideojokoetako musika: zinematik joko interaktibora
Zer gertatzen zaio musikari istorioa jokalariak idazten duenean? Zinemako konpositore gisa duen esperientziatik abiatuta, Paula Olazek bideojokoetarako musika konposatzearen erronkak azalduko ditu: musika ez-lineala, birsekuentziazio horizontala (branching), nahasketa bertikala (layering), hook-ak, soinu efektuak eta audioaren dokumentazioa.
Amaitzeko, The Forge erritmo-jokoa aurkeztuko du, musika jokoaren mekanika bera denean zer gertatzen den erakusteko.