Ibai Aizpurua bidejoko garatzailea da eta Zomorro Studio izenpean lan egiten du. Arte Ederrak ikasi ostean bideojokoen garapenean murgildu zen Game Jam-etan. Bere lanen artean Arroxa (2021) eta Guillotine daude, hala nola Durangoko Azokako Sormen Bekarekin garatzen ari den Barraka.
Arte Ederrak ikasi zenituen eta ondoren bideojokoak garatzen hasi zinen. Nolakoa izan zen bilakaera hori? Bi alorren artean loturak egiten dituzu
Egia esan, Arte Ederrak 2008an amaitu nituen, eta nire lehen bideojokoa, nire lagun Iñaki Vazquezekin eta Gonzalo Sardónekin Jam Riot izeneko joko txikia izan zen, 2015an sortu genuena. Beraz, ezin dut esan berehalako prozesua izan zenik.
Bi data hauen artean mota guztietako lanak egiteaz gain, ilustratzaile enkargu txikiak zein aldizkarientzako komikiak egin eta Esketxers marrazkilari kolektiboa sortzeko eta bertan parte hartzeko aukera izan nuen. Azken proiektu honek leku berezi bat izango du nere bihotzean beti, partaide guztiekin batera.
Bideojoko sorkuntza beti oso urrun ikusten nuen nahiz eta denbora laburrez, bideojoko denda batean lan egin nuen eta bizitza osoan jokalari amorratua izan naizen.
2015eko urtarrilean Pintxo developer talde donostiarrak Irunen bertan Global Game Jam-eko egoitza antolatu zuenean parte hartzera animatu nintzen. Bertan nere lehen pixel art animazioak joko batean ikusteak zerbait piztu zuen nere barruan. Bideojokoak sortzea nere eskura egon zitekeela ikusi nuen.
Eta egia esan, esperientzia txiki honek aldaketa ugari ekarri zizkidan maila profesionalean zein pertsonalean. Hemendik abiatuta ondorengo bi lanek harreman zuzena zuten Jam-ean praktikan jarritakoarekin, bata animazio irakaslea eta bestea bideojokoetako aditua mediateka batean.
Pertsonalean, ezagunak nituen bi pertsona (Iñaki eta Gonzalo) pixkanaka lagun handi bilakatu ziren.
Arte Ederrak eta bideojokogintza oso urrun zeuden, nere garaian behintzat. Animazio ikasgaiak ez ziren nere gustukoak izan, eta animazioa batez ere nere kabuz eta anaiaren laguntzaz ikasi izan dut beti. Aldiz, ikaskideetatik asko ikasi nuen eta beti hor izan ditut garai hartako lagunak laguntza emateko edo arlo profesionalean miretsi eta inspirazio moduan ikusteko.
Game Jamei buruz ariko zara Jokoteknian. Halako zenbat ekimenetan parte hartu duzu? Zer nolako esperientziak izan dira?
Guztira bederatzi game jametan parte hartu izan dut. Horietako seietan taldeka nere lagunekin, eta azkenengoetan bakarka. Hauen artean Global Game Jam batzuk eta Ludum Dare baten bat, elkarketa fisikoak, Pintxo Developer elkarte Donostiarrak antolaturik, eta geroago, sare bidez Spain Game Dev Jam (SGDJ) eta Game Developer Toolkit Jam (GPTK). Beste batean, Donostitron 2016 Jam-ean pixel art animazio irakasle moduan lantegi bat emateko gonbidapena jaso nuen, eta oso gustora eman nuen.
Esperientzia zirraragarria da ordu gutxietan proiektu bat hutsetik hasi eta bukatzea. Esan beharra dago, iraupen desberdineko game jamak daudela. Arruntenak 48 edo 72 ordukoak izan ohi dira, baina badaude astebetekoak edo 2 ordukoak ere.
Jam guztietan presioa nabari daiteke, eta askotan presio honek erabakiak hartzen laguntzen du. Ideiak sintetizatzen ikasi behar da, eta aurreko jam-etako akatsetatik ikasi. Denbora honetan hasiera eta amaiera duen esperientzia jokagarri txiki bat sortzea da helburua. Ez da ilustrazio bat egiteko garaia, gidoi erraldoi bat idaztekoa edo programazio erronka konplexuak burutzeko momentua.
Orokorrean, nahiz eta fisikoan zein sarean ekintza esperientzia aparta izan, topaketa batera joatea esperientzia aberasgarriagoa dela iruditzen zait.
Honakoak dira Game jametan taldeka sortu ditudan jokoak: Jam Riot, Guillotine, Kandar, Erraldoi, Red Pants eta Ojo por Ojo. Eta hauek bakarka sortutakoak: Arroxa eta Castell.
Game Jamak aberasgarriak izan daitezke garatzaile hasiberrientzat? Eta garatzaile trebatuentzat?
Nere ustez esperientzia oso aberasgarria izan daiteke beti, edozein esperientzia edo trebezia mailarekin. Nik beti zorte handia izan dut elkarketa fisikoetan lagunak eta anaia izan baititut inguruan edo taldekide gisa. Hala ere, batzuetan esperientzia garratzagoak gerta daitezke taldearen egituraren arabera. Hau da, talde baten barruan maila minimo bateko programatzaile bat egotea beharrezkoa da. Azken finean, berezko helburua funtzionatzen duen bideojoko baten prototipo bat egitea bait da.
Nere aholkua jam baten aurretik apur bat prestatzea izango litzake. Programazio oinarri batzuk ikasi eta erremientekin saltsan ibili, pixel art irudi eta animazio batzuk sortu, musika sortu edo bideojoko editoreekin pantailak sortzea beroketa ariketa moduan. Hau da, gogoez gain jaintza minimo batzuk barneratzea.
Topaketa formatua duenean beste kideetatik asko ikas daiteke, eta eskuladia ematen duen jendea egon ohi da beti. Programazio zalantzekin lagundu, diseinuen iritzi objetibo bat eman edo jokoa probatuko duen jendeaz beteta egon ohi dira. Edozein formatuetako sari garrantzitsuenak bi dira: zuk zeuk sortutako jokoa eta ezagututako jendea zalantzarik gabe.
Game Jamak euskara sustatzeko espazioa direla uste duzu?
Jende desberdina elkartzen duen edozein jarduera aproposa izan daiteke euskara edo beste edozein hizkuntza sustatzeko.
Izan dudan esperientzietan, euskara kalean bezala erabiltzen da, hau da, giro elebiduna egon ohi da partaideen arabera. Beraz, batzuetan giro euskaldunagoa egon ohi da beste batzuetan baino. Eta horrelakoetan euskara entzuten den hizkuntza bada, partaide batzuek ahaleginak egiten dituzte euskara erabiltzeko, nahiz eta batzuetan ahaztuta geratzen den.
Beraz, baietz esango nuke, game jamak euskara sustatzeko egokiak direla.
Ibai Aizpuruaren profil osoa irakurtzeko, sakatu hemen