Jokotekniaren 5. jardunaldiak Euskal Herriko bideojoko industria izango du ardatz larunbatean

Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldia bosgarrenez itzuli da. Larunbatean, azaroaren 12an, euskara eta bideojokoak uztartzera datorren ekimena egingo dugu Bilbon: aurtengo ekimenean Euskal Herriko bideojoko industrian fokuratuko gara, estudioak, enpresak zein obrak ezagutzera emanez eta beren egoera aztertuz.

Jokoteknia 2022ren aurkezpena egiteko batu dira Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol saileko Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara foru diputatua, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia, Fernando Garrigos Harrobia Ikastolako zuzendaria,  Iurdana Acasuso Azkue Fundazioaren zuzendaria eta Lander Unzueta Game Erauntsiko kidea.

Jokotekniaren 5. edizioa berritasunekin dator, gainera. Azkue Fundazioa eta Game Erauntsia Elkartea Harrobia Ikastolarekin elkartu dira urte honetako ekimena burutzeko: Ikastolaren egoitzan egingo da ekimena. Sarrera irekia izango da, eta edonor hurrera daiteke ikastolara ekimenaz gozatzera. Horrez gain, jardunaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da EITBren webgunetik.

Ohi bezala, goizean bideojokoen munduko adituek eskainitako hitzaldiak zein Euskal Herriko ikasleen mahai ingurua jarraitzeko aukera egongo da: horiek guztiak 09:45etik 13:00etara bitartean abiatuko dira.

Lau hitzaldi eta mahai inguru bakarra eskainiko dira goizean:

  • Lehenenik eta behin, Ibai Aizpurua izango da Jokoteknian, bideojoko garatzailea eta Durangoko Azokako sormen bekaren irabazlea. Aizpuruak Game Jam ekimenak zer diren azalduko digu.
  • Bigarrenik, Anize Amestoy musika teknikaria izango dugu, bideojokoen musikaren diseinuari buruzko nondik norakoak ezagutarazteko.
  • Hirugarrenik, atsedenaldiaren ostean Josu Cobelo egongo da gurean. Cobelo, Harrobia ikastolako irakaslea izateaz gain, Jokoga Interactive enpresaren sortzailea da. Eskolaren eta industriaren arteko harremanari buruz ariko da bere tartean.
  • Laugarrenik, Game Erauntsia Elkarteak ere hitzaldietan parte hartuko du.. Elkarteak hainbat urtez burutu duen euskara eta bideojokoak uztartzeko lanaren inguruko gogoeta egingo du.
  • Bukatzeko, Harrobia, Digipen Europe-Bilbao eta Tartanga ikastetxeetako ikasleekin mahai ingurua prestatuko dugu.

Aurtengo egitaraua, baina, arratsaldera ere luzatuko da. Harrobiako egoitzak SPRI – Enpresa digitalak babestutako Gamer Gela benetan berezia hartuko du bere baitan: euskarazko bideojokoen erakustaldia eskainiko dugu bertan. Hori horrela, azken urteetan gure hizkuntzan argitaratu diren edo kaleratu ostean garatzaileek zein zaleek lokalizatu dituzten bideojokoak ezagutzeko eta probatzeko ekimena abiatuko dugu 17:30etik 19:00etara.

Ez hori bakarrik: industriari ikusgaitasuna emateko hiru gonbidatu berezi izango ditugu Gamer Gelan. Nuclear Corps bideojokoa garatu duten Harrobia ikastolako kideek parte hartuko dute; Zomorro Studioko Ibai Aizpurua ere egongo da Guillotine jokoarekin; azkenik, Moonatic Studioko Eneko Zubiaurrek parte hartuko du laster estreinatuko den One Last Breath aurkezteko, Tokyo Game Show, Gamescom eta PAX azoketatik igaro ondoren. Beren jokoak aurkezten dizkiguten bitartean, hauetan jokatzeko aukera edukiko dugu.

Jokotekniaren 5. urteurrena ospatzeko liburuxka

2018ko, 2019ko eta 2020ko hamalau hitzaldiak biltzen dituen liburuxka argitaratu genuen orain hilabete batzuk. Hau Bizkaiko Liburutegi publiko guztietan maileguan hartzeko dago, eta, horrez gain, PDF bertsioa doan eskura daiteke.

Hala eta guztiz ere, Epub formatuko liburuxka prestatzen aritu gara hitzaldiak liburu elektronikoetan modu erosoan irakurri ahal izateko. Laster eskainiko dugu gure sare sozialen nahiz webguneen bitartez.

Utzi erantzuna