Maite Martinezekin hizketan

Iruñeko Muxu Estudioan zein Madrilgo Atabey Creations bideojoko indie estudioan artista lanetan ibilitakoa da Maite Martinez. Little Keepers tower defense erako tituluan lan egin du azken honetan; zehazki, marketing atalaz arduratu da altsasuarra.

Nola sortu zenuten Atabey Creations?

Modu natural batean sortu zen Atabey Creations estudioa. Voxel School eskolan ikasten geunden bitartean, zenbait master ezberdinek proiektu bat elkarrekin aurkeztu behar zuten kurtso bukaeran. Proiektu hori bideojoko baten demo-a eta hori garatuko zuen estudioa sortzea zen, gure kasuan, Atabey Creations. Masterreko bukaerako proiektu hau aurkeztu ondoren, bigarren bideojoko bat garatzea erabaki genuen, eta, horregatik, Atabey Creations estudioa asko handitu da gaur ezagutzen duguna izan arte.

Little Keepers bideojokoaren marketing atalaz arduratzen zara. Zeintzuk dira zure eginbeharrak?

Zehazki, diseinatzaile grafiko bezala lan egiten dut marketing bulegoan, haien beharrei erantzuten eta estudioaren marka garatzen. Gainera, garatu dugun, eta garatzen gauden bideojoetarako gauza asko egin ditut. Adibidez: bideojokoen logoak, kamiseten diseinuak (bideojokoarena eta estudioarena), estudioaren bisita txartelak, branding manual oso bat, azoketarako edo test egunetarako triptikoak, rollupen diseinua, sare sozialetarako zenbait kreatibitate… Nire egin beharrak asko aldatzen dira proiektuen momentuaren arabera.

Zein egoera bizi duzue, zure ustez, bideojokoen industrian lan egiten duzuen emakumeok?

Egia esan, ez dakit asko bideojokoen industria profesionalean lan egiten duten emakumeen egoeraz, baina gure indie estudioan emakume asko gaude lanean eta baita ere lidergo postuetan.

Egia da, gure kasuetan, emakume gehienak sormen bulegoetan gaudela: concept art, marketing, 3D diseinuan… Oso emakume gutxi ezagutu ditut programazio arloan, adibidez. Hau nire esperientzia da, baina egia da, sare sozialetan ikusten dudanagatik, emakumezkoei oraindik zalantzan jartzen zaiela bidoejokoen inguruan dakitena. Adibidez, asko gustatzen zaizkidan bi influencer @patriciasinprisa eta @carladoyle.exe dira, eta, bideojokoez hitz egiten duten bakoitzean, milaka kritika jasotzen dituzte. Beraz, honen inguruan, lan handia geratzen zaigu oraindik.

Zer nolako erronkak dituzue gaur egun bideojokoen indie estudio txikiek?

Zalantzarik gabe, nire ustez, erronkarik handiena finantziazioa da. Gure kasuan ez dugu inolako finantzaketarik, ez egiten dugun lana ordaintzeko, ez azoketarako bidaietarako, ezta egiten ditugun materialak ordaintzeko ere. Adibidez kamisetak, triptikoak edo posterrak gure diruarekin ordaintzen ditugu.

Honi lotuta, bigarren arazo bat datorkit burura: denbora. Estudioan dagoen jende guztia bigarren bideojoko honetan gogo handiz dago lanean, baina, aldi berean, ikasten, lanean edo ikasten eta lanean daude dirua irabazteko. Beraz, ez dugunez inolako finantziaziorik, ahal dugun denbora eskaintzen diogu, gustatuko litzaigukeena baino gutxiago, hala ere.

Utzi erantzuna