Mikel Anterorekin hizketan

Aktorea, musikagilea, irakaslea, artista… bide asko hartu ditu Mikel Anteroren ibilbideak; gaur egun, baina, bideojokoen mundura eraman du. Xaloc estudioan lan egiteaz gain, VR Masters bezalako proiektuetan aritakoa da Antero. Une honetan Euskal Herriko estudiorik garrantzitsuenetakoaren artista nagusia da: Irungo Keplerians taldean beldurrezko bideojokoak sortzen ditu.

Nola eta noiz barneratu zinen bideojokoen munduan?

Zortzi urte nituenean, Spectrum bat oparitu zidaten. Oraindik gordetzen dut, eta, harrez geroztik, bideojokoetara lotuta egon naiz. Bizitzak gauza asko egiteko aukera eskaini dit, baina bideojokoen produkzioan barneratu nintzen orain dela zortzi bat urte. Creanavarra eskolan Concept Art irakasle hasi nintzenean, bideojokoen munduko pertsona anitz ezagutu nituen, eta concept art nahiz arte zuzendari bezala hasi nuen ibilbidea bideojoko txiki ezberdinen aurreprodukzioarekin.

Zeintzuk izan dira zure lehen pausoak profesionalki, eta zein bideojoko sortu dituzu?

Lehen pausoak freelance bezala eman nituen atera ez diren proiektu anitzen aurreprodukzioan, asko ikasita, eta lanordu mordoa eginda. Baina, profesionalki ,estudio batean, talde bat zuzenduz eta produkzio gogorrarekin XALOC estudioan hasi nintzen, AEBetarako proiektuak landuz.

Artista nagusia zara. Zer nolako eginkizunak betetzen dituzu?

Gaur egun Keplerians estudioan artista nagusi lanak burutzen ditut. Arte zuzendaritza Alex Camarero enpresako CEOarekin eta sormen zuzendariarekin lantzen dut. Askotariko eginkizunak izaten ditugu: Lehenik eta behin, arte estiloa zehaztea, eta proiektuko pauso ezberdinetan mantentzea, 2D-3D trantsizioa zaintzea, baina batez ere… produkzioan agertzen diren behar guztiak estiloaren eta artearen beharren barnean konpontzea.

Arteak, aurreprodukzioan, proiektuaren zutabeak ezartzen ditu, baina jokoaren diseinua dago aurretik, eta produkzioan organikoa izan behar du. Artearen zutabeak alboratu gabe, proiektuari hobeto datorkion lekuan mugituz, bideojoko batean arteak jokoaren diseinuari eta teknikoen beharrei laguntza eskaini behar die: taldelan profesioa da, eta beti egon behar zara feedbackaren alde, baita aldaketen inguruan organikoki lan eginez ere.

Euskal Herriko estudiorik handienetakoan lan egiten duzu. Gure bideojokoen industriak osasun ona daukala esango zenuke?

Euskal Herrian industria falta zaigu, politikoen zein arduradunen aldetik laguntza eta ikusgarritasuna behar ditugu herriari bideojokoena etorkizuneko (eta orainaldiko) enpresa ehuna dela erakusteko.

Guk 130.000 jarraitzaile ditugu sare sozialetan, gure jokoak 600 milioi aldiz deskargatu dira saltokietan, eta milioi harpidedunak gainditzen ditugu YouTube-n…baina gehienak atzerrikoak dira. Euskal Herrian ez dugu jokalari ohitura orokorrik, eta gizarteak ez du lanbide profesionala denik ulertzen —oraindik—.

Gobernuetatik laguntzak eta enpresa bide sendoak jarri beharko lituzkete mahai gainean, Euskal Herrian profesional ikaragarriak baitaude, baina, industria gutxi, eta ikasketen eskaintza urria da; gainera, kasu batzuk alboratuta, lanbideko profesionalengandik deskonektatuta daude.

Utzi erantzuna