Indie estudioak, lokalizazio prozesuak, 3Da eta rola izango dira zortzigarren Jokotekniaren zutabeak

Azaroaren 15erako deialdia egin dute Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak: Euskararen Etxean antolatuko da biltzarra.

Zortzigarren urtez egingo den Jokoteknia Bideojokoen Euskal Jardunaldiaren edukiak zehaztu dituzte antolakuntzaren arduradun diren Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak. 2025eko biltzarrean, beti bezala, bideojokoen alor eta esparru desberdinei helduko zaie Euskal Herriko ikuspegitik.

Josune Irabien Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendariak, Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusiak, Iurdana Acasuso Azkue Fundazioaren zuzendariak eta Lander Unzueta Game Erauntsia Elkarteko kideak parte hartu dute 2025eko Jokotekniaren aurkezpenean aurtengo egitaraua ezagutzera emateko.

Azaroaren 15ean Bilbon aurkitzen den Euskararen Etxean indie estudioen egoerari, lokalizazio prozesuei, hiru dimentsioei eta arteari zein rol jokoek nahiz bideojokoek daukaten harremanari helduko zaie, besteak beste.

Horretarako, askotariko adituak hurreratuko dira biltzarrean parte hartzera. 09:45ean hasiko da Jokoteknia, 13:00etan amaitzeko. Lau hitzaldi eskaintzeaz gain Bizkaiko hiru ikastetxetako ikasleen mahai ingurua entzun ahalko dute ekitaldia jarraitzen dutenek; izan ere, sarrera irekia izango da, eta, ez hori bakarrik, EITBren webgunetik edo YouTube plataformatik ikusteko aukera egongo den zuzeneko emanaldiaren bidez etxetik jarraitzea ahalbidetuko dute antolatzaileek.

Bideojoko garatzaileak, artistak zein eremu desberdinak jorratu dituzten sortzaileak edo Nintendo bezalako enpresa ezagunetan lokalizazioaren arloan lanean aritu diren adituak izango dira, beraz, zortzigarren Jokotekniako gonbidatuak:

  • Lehenik eta behin, Asier Garatxena bideojoko garatzaileak Gaua Games estudio bilbotarraren sorkuntza eta lehen pausoak azalduko ditu.
  • Bigarrenik, Naiara Ordorika proiektu kudeatzaileak Nintendo of Europe enpresan bizitakoak laburbilduko ditu, hainbat urtez QA Tester zein Software Localisation Producer lanpostuetan aritu ondoren.
  • Hirugarrenik, Eneko Azedo sortzaileak ADUR Azken Erronka bereziaren garapenari buruz hitz egingo du, rol jokoek bideojokoekin daukaten harremanean sakonduz.
  • Azkenik, Jon Juarez diseinatzaileak marrazkilaritza eta animazioa edukiko ditu ardatz bere hitzaldian, bideojokoen munduan arte kontzeptuala sortzen ibili baita.
  • Biltzarrarekin bukatzeko, Euskal Herrian bideojokogintzari lotutako zenbait zentrotako ikasleak bilduko ditugu mahai inguru interesgarrian parte hartzeko. Gema Ormazabal, Itziar Alberdi eta Markel Ordorika ikasleek osatuko dute, DigiPen Europe Bilbao zentrotik, Harrobia ikastolatik eta Tartanga ikastetxetik, hurrenez hurren.

Hizlarien informazio orokorra, hauei egindako elkarrizketak eta jorratuko dituzten gaien inguruko laburpenak Jokotekniaren web orrialdean argitaratuko dira datozen egunotan.

 

Helduentzat eta gazteentzat

Hitzaldiekin batera etxeko txikienek gozatzeko txokoa ere eskainiko du Jokotekniak; hots, euskarazko bideojokoen erakustaldia, Gamer Gela ekimena, eskainiko da jardunaldiak iraun bitartean.

Gamer Gelaren helburua haurrei eta nerabeei euskaraz bideojokoetan aritzea posible dela ikusaraztea da: Game Erauntsiaren euskarazko bideojokoen zerrendan aurkitzen diren tituluen eskaintza probatzeko aukera egongo da.

Hori horrela, bideojokoen euskal jardunaldiak umeak, nerabeak, gurasoak nahiz bideojokozalerik amorratuenak biltzeko txokoa izango dira beste urte batez.

Bideojokoen zaletasunaz euskaraz gozatzeko eta esperientziak partekatzeko topagunea izaten jarraitzen du Jokotekniak: industria zabal hau jarraitzen duen jendea ezagutzeko eta elkarren artean ideiak partekatzeko gunea, alegia. Bideojokozale euskalduna bazara, ez ezagu galdu aukera, eta anima zaitez!

Jokotekniaren bigarren liburuxka

Jardunaldiaren zortzigarren edizioa aurkezteaz gain, Jokotekniaren bigarren liburuxkaren berri eman dute antolatzaileek. 2021eko, 2022ko eta 2023ko Jokoteknia jardunaldietan eskainitako hitzaldietan azaldutakoa gogoratzeko eta ospatzeko liburuxka argitaratuko dutela adierazi dute Game Erauntsiak eta Azkue Fundazioak.

2022an prestatutako lehen liburuxkarekin egindakoa jarraituz, bideojokoei buruzko gai anitzak biltzen dituen euskarazko argitalpena da; besteak beste, garapena, diseinua, itzulpengintza zein lokalizazioa, hizkuntza gutxituen bideojokozale komunitateen egoera, sormena, hezkuntza bezalako gaiak landu dira azken urteotako ponentzietan.

Liburua laster argitaratzeko asmoa daukate arduradunek: lehenik eta behin, Bizkaiko liburutegietan banatuko da. Nola ez, Euskal Herrian zehar eskaintzeko lana ere iragarri dute Game Erauntsiak zein Azkue Fundazioak. Horrez gain, liburua EPUB formatuan digitalki musutruk deskargatu ahalko da.

Utzi erantzuna