Jokotekniaren 2021eko edizioak hizkuntza gutxituetako komunitateetako ordezkariak batuko ditu azaroaren 6an

Bilboko Euskararen Etxean aurkeztu da bideo-jokoen IV. euskal jardunaldia. Hitzaldiak zein mahai ingurua streaming bidez jarraitu ahalko dira.

Game Erauntsia Elkartea Azkue Fundazioarekin elkartu da laugarrenez Jokoteknia bideo-jokoen euskal jardunaldia egiteko. Azaroaren 6an Bilboko Euskararen Etxean egingo den ekimeneko protagonistak bideo-jokoak izango badira ere, aurtengo edizioak hauek hizkuntza gutxituekin daukaten harremana eta bizi duten egoera ezagutzera emateko helburua edukiko du.

Jokoteknia 2021en aurkezpena egiteko batu dira Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia, Iurdana Acasuso Azkue Fundazioaren zuzendaria eta Maitane Junguitu Game Erauntsiako kide eta komunikazio arduraduna.

Arauzok Euskararen ingurune digitala. Gomendioak 2021-2024 txostena nabarmendu du jardunaldiaren garrantzia azpimarratzerakoan: “lerro estrategikoetako bat da hain zuzen ere, Jokotekniarekin harreman zuzena duena: aisialdirako ikus-entzunezkoen alorra sustatzea, eta bereziki, gazteei begira, horren azpian dagoen bideo-jokoen alorrean euskararen erabilera sustatzea”.

Jardunaldien helburua “euskara eta bideo-jokoak uztartzea eta euskal bideojokozaleen komunitatea indartzea” dela azpimarratu du Acasusok. Xede horren inguruan eratu dira aurreko urteetako ekitaldiak; oraingoan, gainera, komunitatearen kontzeptuak esangura berezia hartuko du: euskaldunen egoera ez ezik, beste komunitate batzuen bizipenak ere ezagutzera eman nahi dira laugarren edizioan.

Nazioarteko ekarpenak eta iritziak

Horretarako, Europako hainbat bazterretako gonbidatuak batuko dira bideo-jokoei buruz hitz egiteko eta hizkuntza gutxitu desberdinen egoera azaltzeko.

“Jokotekniaren laugarren edizio hau prestatu bitartean konturatu gara jorratzen dugun euskararen eta bideo-jokoen arteko harremana Europako beste hizkuntza gutxituetan eta horien komunitateetan ere ematen dela“, adierazi du Junguituk aurkezpenean. “Hori da nabarmendu nahi duguna”.

Zehazki, hizkuntza gutxietako ordezkariek egindako sei hitzaldi batuko ditu Euskararen Etxeak; lau hitzaldi luze eta bi kolaborazio motz egongo dira: bretoierak, irlanderak, galesak, galegoak, katalanak eta nola ez, euskarak bideo-jokoen munduan bizi duten egoerari buruz mintzatuko dira hizlariak, beste hainbat gairen artean. Hitzaldiak euskaraz, katalanez, gazteleraz eta ingeleraz egingo dira, baina guztiak euskaraz jarraitzeko aukera egongo da. 

Bukatzeko, urtero egin bezala, Euskal Herrian bideo-jokoei lotutako ikastaroak eskaintzen dituzten hainbat zentrotako ikasleak bilduko dira mahai inguru interesgarrian parte hartzeko: aurten Digipen Europe Bilbao zentroko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga ikastetxeko partaideek osatuko dute. Hizlarien aurkezpenak eta emango dituzten hitzaldien laburpenak Jokoteknia.eus web orrialdean irakurri daitezke. Jarraian duzue egitarau osoa:

Jardunaldia fisikoki Euskararen Etxean egingo bada ere, bertan antolatzaileak eta hizlariak baino ez dira elkartuko. Jokoteknia jarraitu nahi duenak saretik egiteko aukera edukiko du, Azkue Fundazioaren YouTube kanaletik zein Game Erauntsiaren Twitch kanaletik streaming bidez ekimen osoa eskainiko baita zuzenean.

Jokoteknia ospatzeko liburuxka

Laugarren edizioa aurkeztearekin batera, 2018ko, 2019ko eta 2020ko Jokoteknia jardunaldietan burututako hitzaldietan azaldutakoa gogoratzeko eta ospatzeko liburuxka argitaratuko duela adierazi du Game Erauntsiak.

Bideo-jokoei buruzko gai anitzak biltzen dituen lehen euskarazko argitalpena izango da: historia, ekoizpena, diseinua, itzulpengintza eta lokalizazioa, kontserbazioa eta feminismoa dira, besteak beste, Jokotekniako hitzaldietan jorratutakoak.

Liburua laster banatuko da: azaro hasieran Bizkaiko liburutegietara bidaliko da, baina Euskal Herriko beste probintzietara helarazteko lana ere egingo dute bai Game Erauntsiak zein Azkue Fundazioak.

Hemen irakurri dezakezue Jokoteknia Bideo-jokoen IV. Euskal Jardunaldiaren prentsa dosierra.

Utzi erantzuna