JOKOTEKNIA, Bilbon lehen aldiz euskara hutsean egingo den bideojokoei buruzko jardunaldi bat da. Jardunaldi honen helburua, bertako industriaren eta jokozaleen diagnostiko bat egiteaz gain, hemengo bideojoko garatzaile eta jokalarien joerak ikusi, hausnartu eta elkar ezagutzea izango da.
Horretarako, JOKOTEKNIA jardunaldian euskal bideojokogintza industriako aditu, ikasle eta jokalariak batera jarriko ditugu, egun dauden proiektu interesgarriak ezagutu ahal izateko, industriaren diagnostiko bat egin eta etorkizunerako ildoak zeintzuk diren argitzen saiatzeko asmoarekin. Bide batez, euskarazko ekoizpenaren inguruko gaur egungo diagnosi eta prospektiba bat egiten ere saiatuko gara.
Aukera bikaina izango da bideojokoen munduko arlo ezberdinetako jendea elkar ezagutu, ideia berriak hartu eta sinergia berriak sortzeko.
Honakoak izango dira aurkeztuko diren hitzaldiak:
- Iker Álvarez Castellanos: Lokalizazioa edo itzulpengintzaren boss stagea
- Txus Ordorika: Bideojoko garapena: The Good, the Bad, the Ugly
- Cristian Rodriguez Landeira: Euskararen zenbaki arazoak
- Carlos Coronado Muñoz: Del local al global; beneficis d’implementar el euskera i català en Infernium
- Julen Zaballa Garcia: Euskal bideo-jokoen hasi-masiak
- Mahai ingurua: Nola ikusten duzue Euskal Herrian bideojokoen industria, Arantzazu Martinez Ugarte, Laura Barrenengoa Clemente eta Andoni Alonso Lizarralde ikasleekin.
JOKOTEKNIAko lehenengo edizioa, 2018ko maiatzaren 12an, Azkuna Zentroko Bastida aretoan egingo da. Ekitaldi hau gauzatzeko Azkue Fundazioa eta Game Erauntsiaren arteko elkarlana eta CodeSyntax eta DigiPenen laguntza behar beharrezkoa izan da.