Bideojokoen diseinua, artea, itzulpenak eta kontsumo ohiturak aztertu ditu VII. Jokotekniak

Bideojokoen Euskal Jardunaldiak industriako adituak zein jarraitzaileak batu zituen Bilboko Euskararen Etxean.

Jokoteknia zazpigarrenez itzuli da, 3dimena 2dea dela aditzera emateko. Jardunaldiak Euskal Herrira begira jarri dira berriz, etxetik bideojokoen diseinua zein artea, itzulpenak eta euskara, marketingaren erronkak eta kontsumo ohiturak bezalako gaiak lantzeko nahiz aztertzeko.

Larunbatean Bilboko Euskararen Etxean burutu genuen biltzarra, bideojokoen munduan bete-betean barneratzeko asmoarekin zebiltzan hainbat zalerekin batera. Hori da, hain zuzen ere, topaketaren helburu nagusia: bertako industriaren eta jokozaleen diagnostikoa egitea, Euskal Herriko bideojoko garatzaileen eta jokalarien joerak ikustea, eta, are garrantzitsuago, elkar ezagutzea.

Goizeko ekitaldia aurkeztuta, hitzaldiei ekin genien. Lau hizlari eduki ditugu berriro, esan bezala, bideojokoen munduko askotariko ikuspegiak eta arloak plazaratzeko. Unai Arrugaeta Bideojokoak.info webguneko sortzaileak hartu zuen hitza, lehenik eta behin: Bideojokoak.info: Zertan jolasten dira nire seme-alabak? aurkezpenarekin lehen hezkuntzako irakasleak bideojokoak modu osasuntsuan erabiltzeko aholkuak eskaini zituen, baita gazteen kontsumo ohiturak aztertu ere.

Bigarrenik, Game Erauntsia Elkartean kondaira hutsa den Ibai Oihanguren software ingeniariak Euskarazko bideojokoak: itzulpengintza eta bitxikeriak hitzaldian bere lokalizazio proiektuak ezagutzera eman zituen. Izan ere, Oihangurenek Papers, Please maisulana euskaratuz heldu zion itzulpengintzaren munduari, zaletasun hau gure mintzairan gozatu beharrekoa ere badela sentituta. Ostean, Kopanito, Hollow Knight, Owlboy edo Tunic bezalako tituluak euskaratu ditu, eta hori lortzeko egindakoak ezagutzera eman zituen.

Maite Martinez diseinatzaile grafikoa arduratu zen hirugarren hitzaldia eskaintzeaz. Atabey Creations indie estudioko kidea marketingaren munduan murgildu zen Bideojoko baten marketing kanpaina diseinatzaile grafikoaren begietatik aurkezpenarekin: Little Keepers eta Eyes On Yuki bideojokoak ezagutzera emateko eta iragartzeko sortutako edukiak eta baliabideak erakutsi zizkigun, bideojokoen munduan nola bukatu zuen azalduta.

Bukatzeko, Mikel Antero Keplerians taldeko artista eta diseinatzailea egon zen gurekin. Artista nagusiaren eginkizunak Euskal Herriko estudio independente batean saioan Irungo estudioak sortutako Evil Nun, Ice Scream edo Mr. Meat lan arrakastatsuak aurkeztu zizkigun, horien atzean dagoen diseinu prozesuan sakonduz. Une honetan prestatzen dabiltzan Glitchmare interesgarriari buruzko aurrerapena ere eskaini zuen Mikelek.

Hitzaldiekin amaituta, Jokotekniaren bihotza izatera igaro den mahai inguruaz gozatzeko aukera eduki genuen. Bizkaian bideojokogintzari lotutako ikasketak eskaintzen dituzten hiru zentro nagusienetako ikasleak bildu genituen bertan, Euskal Herriko bideojokoen industriari eta euskararen egoerari buruz hausnartzeko. Iraide Lopez, Mikel Arrizabalaga eta Ibon Urkiza etorri ziren Tartanga ikastetxetik, Harrobia Ikastolatik eta DigiPen Europe Bilbo zentrotik, hurrenez hurren, euren ikuspegiak eta ametsak aipatzeko.

Goizean entzundako azalpenak eta sortutako dinamikak zoragarriak eta aproposak izan ziren, Jokoteknia jardunaldiek bilatzen dituzten helburu guztiak betetzea lortuta: bideojokoen munduko arlo ezberdinetako jendeak elkar ezagutzea, ideia berriak hartzea eta sinergia berriak sortzea, nagusiki. Arratsaldean, baina, beste ikuspuntu batetik heldu genion honi guztiari: Gamer Gela euskarazko bideojokoen erakustaldiarekin gure hizkuntzan joka daitezkeen hainbat titulu ezagutzeko aukera eskaini genuen.

Ohi bezala, Game Erauntsia Elkarteak eta Azkue Fundazioak Jokoteknia prestatu ahal izateko jasotako laguntza eskertu nahi dugu: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Euskara sailak, SPRI – Enpresa digitalak, EITBk zein DigiPen Europe-Bilbao, Harrobia eta Tartanga zentroek parte hartu dute zazpigarren edizioan.

Utzi erantzuna