Edurne Larrazarekin hizketan

Edurne Larraza informatikaren irakaskuntza dela-eta hasi da mahaijolas eta bideojokoen munduarekin harremanetan. Informatikaren irakaskuntzan egiten du ikerketa ADIAN taldeko kide gisa eta JolasMATIKA proiektua zuzentzen du 2016/2017 ikasturtetik, Informatikaren irakaskuntza Lehen Hezkuntzaraino eramateko helburuarekin.

Bideojokoak erabili dituzu informatikan sakontzeko, batez ere hauen sarrera eta irteera sistemetan. Nola?

Sarrera/Irteera gaia oso esparru abstraktua da. Zer gertatzen da konputagailuaren barruan tekla bat sakatzen dugunean? Edo ukimen pantailan zerbaiten gainean sakatzen dugunean? Edo xaguaz zerbait klik egiten dugunean? Nola daki konputagailuak horrelako zerbait egin dezakegula?

Berez, gailu bakoitzak bere kontrolagailua dauka, eta horrek badaki zer egin gailutik edo konputagailutik zerbait datorkionean. Baina guk, behe mailako programatzaileok, jakin behar dugu informazio hori nola helarazi gailuen kontrolatzaileei, eta nola abisatu prozesadoreari elkarrekintza hori gertatu behar dela.

Gaur egun oso zaila da oraindik ezagutza handirik ez duten lehenengo mailako ikasleekin interesgarria izan daitekeen zerbait egitea, sistema eragileek informazio truke horietarako erabiltzen diren erregistroak babestu egiten dituelako. Bestela errazegia zen birusak sortzea. Horregatik hartu genuen apenas sistema eragilerik ez duen makina bat, eta horren erregistroekin jolasten dugu Nintendo DSari adierazteko zer egin nahi dugun botoi bakoitza sakatzean eta ukimen pantailan posizio zehatz batean sakatzen dugunean.

Informatikarien munduan hedatu den alorra al da bideojokoena?

Ez naiz aditua gai honetan eta oso posiblea da erantzunean hanka sartzea. Badakit gure fakultatean ikasitako batzuk, ikasketa osagarri batzuekin, horretan ari direla, baina bertan gauden irakasleon artean ez dut horrenbesteko interesik ikusten.

Zer behar du gaur egun informatikari batek bideojokoak sortzeari ekiteko?

Bideojokoak garatzerako garaian, azken aldi honetan irakurri ahal izan dudanagatik, arlo asko daude. Diseinua oso garrantzitsua da, jolasaren istorioa, eginkizunak eta iruditeria diseinatu behar dira, baina gero irudi horiei mugimendua eman behar zaie, jokoaren logika guztia programatu behar da, eta NPCen eta aurkarien adimen artifiziala ere programatu behar da. Beraz, programazioa, adimen artifiziala eta konputagailu bidezko grafikoak izan daitezke informatikari baten ekarpenak mundu honetara.

Eta, aldi berean, zer ikas dezake bideojokoengandik?

Uff, hori galdera zaila da. Nik esango nuke bideojokoak oso hezigarriak izan daitezkeela (kontrakoa ere) eta edozer gauza irakatsi daitekeela haiekin, baina bideojokoak maila ezberdinetan garatzea ikasle askorentzat oso tentagarria izan daiteke eta hainbat kontzeptu zail ulertzeko pizgarria izan daitezke.

Utzi erantzuna