Hizkuntza gutxituetako bideojokozaleen komunitateen egoera ezagutzeko aukera egon da Jokotekniaren laugarren jardunaldian

Euskal bideojokozale eta garatzaileen biltzarrak hainbat hitzaldi eta mahai ingurua bildu zituen Euskararen Etxean.

Jokoteknia Bideo-jokoen IV. Euskal Jardunaldia burutu dute Azkue Fundazioak eta Game Erauntsia Elkarteak. Aurtengo biltzarrak hizkuntza gutxituetako bideojokozaleen komunitateetako ordezkariak batu ditu hauen egoera ezagutzera emateko eta hizkuntzak bideo-jokoekin uztartzeko jarraitu beharreko bideari buruz hausnartzeko.

Ekimena, aurreko urtean bezala, modu digitalean jarraitu ahal izan zuten ikusleek Azkue Fundazioaren Youtube kanaletik zein Game Erauntsiaren Twitch kanaletik. Halere, ohi bezala hizlariak zein antolatzaileak Bilboko Euskararen Etxean bildu ziren Jokoteknia egiteko.

Jardunaldia Luz Castro Asociación Galega de Videoxogos e Contidos Interactivos elkartearen sortzailearen hitzaldiarekin hasi zen. Galegoak bideo-jokoen industrian duen txokoari buruz hitz egin zuen, galego hiztunen komunitateak antolatutako ekimen desberdinak nabarmenduta. Aldi berean, Galiziako garatzaileen lanak ere laburbildu zituen Castrok, batez ere galegoz kaleratutako jokoetan ardaztuta.

Galiziatik Euskal Herrira jo zen ondoren. Bilboko rBorn Games estudioko Ethan Reyes eta Aitor Artetxe garatzaileak izan ziren Jokoteknian The Five Covens bideo-jokoaren garapen prozesuari buruz hitz egiteko. Bi gazteek PlayStation Talents ekimenak eskaintzen dituen laguntzak zehaztu zituzten, abentura sortzerakoan hauen aholkularitza jaso baitzuten. Euskaraz bideo-jokoak garatzeko eta argitaratzeko erronkei buruz hitz egin zuten, eta etorkizunera begira Euskal Herrian jokoen industria sortzeko jarraitu beharreko pausoei buruz hausnartu zuten.

Jarraitzeko, An Drouzig elkartek bretoiko Gwenn Meyinier lehendakaria izan genuen. Beste hainbat hizkuntzekin gertatu bezala, hezkuntza jokoak izan ziren bretoieraz kaleratutako lehenak: horiek aurkeztu zituen Meyinierrek, baina komertzialki kaleratutako lehen obrak ere nabarmendu zituen, itzulpen ez-ofizialetara igarota ondoren. Bretoi hiztunak elkartu eta elkarlana sustatzeko Twitch, Youtube, Discord eta bestelako plataforma edo zerbitzuen garrantzia aldarrikatu zuen, komunitatea indartzen jarraitzeko ezinbesteko harremana eratzeko baliogarriak direlako.

Gure inguruko komunitateekin jarraituta, Maria Casañas GamingCat elkarte katalaneko kidearen txanda iritsi zen. 2013an abiarazitako ekimenak bideojokalari katalanak bildu ditu era guztietako jarduerak gauzatzeko: komunitatea eratu eta elkarrekin jokatzea ahalbidetu, itzulpenak burutu, txapelketak, GamingCat sariak, Saint Jordi sarean edota maratoiak dira, besteak beste, elkartearen zereginetako batzuk. Boluntarioek sustatutako proiektuen esangura adierazita, etorkizunera begira katalanaren oparotasuna bermatzeko gobernuaren laguntza eta babesa eskatu zituen Casañasek.

 

Morgan Roberts galesak hartu zuen hitza ondoren. Menter Iaith Sir Caerffili zentroko arduradun digitalak bideo-jokoen kluba kudeatzen du: komunitate galesa bideo-jokoekin batzeko hainbat ekimen egiten dituzte zentrotik. Lokalizatze lanak egiten dituzte klubean, eta tokiko garatzaileekin elkarlanak abiarazi dituzte. Erresuma Batuko txapelketetan parte hartu dute baita, eta horiek galesez zuzenean jarraitu dituzte, komunitateari bere hizkuntzan bideo-jokoez gozatzeko aukera eskainita.

Hitzaldiekin bukatzeko, Brian C. Gilmour kanadiarra izan zen Jokoteknian. Kanadiarra, baina bideo-jokoak irlanderara lokalizatzeko zaletasunarekin.  Gaeilge Chun Cinn taldearekin hainbat joko lokalizatu ditu: PUBG, Among Us eta gehiago itzuli dituzte gaelikora, eta une honetan Hollow Knighten istorioa lokalizatzeko lanetan dabiltza. Taldearen helburua jende gehiago erakartzea, komunitateari egindako lana errazago zabaltzea edota garatzaileekin harremanak sortzea dira. Hizkuntza babesteko konpromisoa ezinbestekoa da horretarako, besteak beste.

Jokotekniaren laugarren edizioa itxi aurretik Euskal Herrian bideo-jokoen garapenarekin lotuta dauden ikasketak eskaintzen dituzten zentroetako ikasleak bildu ziren ohiko mahai ingurua egiteko. Aurten Digipen Europe Bilbao zentroko, Harrobia Ikastolako eta Tartanga ikastetxeko kideek etxean bizi dugun egoerari buruz hitz egin zuten hausnarketa benetan interesgarriak eskainita.

Arrate Astobiza, Nestor Uriarte eta Xabier Escobero euskararen garrantziari buruz aritu ziren bideo-jokoen industrian. Zentroetan eta industrian euskararen falta salatu zuten, baina aldi berean klasekideen aldetik jokoak euskaratzeko asmoa ere nabarmendu zuten: hainbat joko euskaraz kaleratu dituzte jada, proiektu txikiak izan arren. Euskaratzeak ez, jokoak zuzenean euskaraz ekoizteko aukerari buruz ere hitz egin zuten: garatzaile euskaldunak ditugu, eta hori posible izango litzateke hauen lanarekin. Gaur egun bideo-jokoak entretenimendutik harago doaz: hezkuntzan, osasunean edota komunikabideetan daude. Beraz ikusgaitasuna ematea lagungarria izango litzateke industriarentzat, modu horretara Euskal Herrian bideo-jokoen ekosistema indartsua eratuta.

Azkue Fundaziotik zein Game Erauntsia Elkartetik benetan pozik geratu gara aurtengo Jokoteknian bildutako hizlariek eskainitako aurkezpen, hausnarketa eta ondorio interesgarriak ikusita eta entzunda. Datorren urteko jardunaldia prestatzen hasi bitartean, aurretik 2018ko, 2019ko eta 2020ko Jokoteknietako hitzaldiak bilduko dituen liburuxka argitaratuko dugu. Hau Bizkaiko liburutegietan zabalduko dugu laster, baina Euskal Herri osotik zehar banatzea da gure asmoa; fisikoki bakarrik ez, digitalki irakurtzeko aukera ere egongo da.

Jarraian duzue jardunaldiaren bideo osoa:

https://youtu.be/nV8OeOiJMQQ

Utzi erantzuna