Aurreko larunbatean Bilboko Euskararen Etxean burutu ziren 2020ko Jokoteknia jardunaldiak. Hauek Internet bidez jarraitu ahal izan ziren, aurrez-aurre soilik antolatzaileak bildu ginelarik. Lau hitzaldi eta mahai inguru oso interesgarri bat aurkeztu ziren. Zuzenean ezin izan bazenu jarraitu, Azkue Fundazioaren YouTube kanalean ikusi dezakezu osorik.
Jardunaldiari Axis Studiosen lan egiten duen Julen Urrutiak hasiera eman zion. Urrutiak bere animazio lanari buruz hitz egin zuen. Pertsonaia baten sortze prozesua aurkeztu zuen eta ondoren bideo-joko eta zinematiken animazioaren artean desberdintasunak ere azaldu zituen.
Ondoren Itziar Zorrakin linguistaren tartea izan zen. Zorrakin ez zen Bilbora bertaratu, baina bere aurkezpena bideo bitartez jarraitu ondoren, berarekin konektatu ginen hainbat galdera egiteko. Bere aurkezpena oso interesgarria izan zen eta bideo-jokoen lokalizazioaren xehetasunak hainbat adibideren bitartez aurkeztu zituen. Besteak beste, euskarazko itzulpenak egitea ekonomikoki garestia dela adierazi zuen, eta beharbada horregatik, euskarazko bideo-joko gutxi daude.
Hirugarren hitzaldian Igor Gamindek izan zuen hitza. Bideo-jokoen arriskuak alde batera utzi zituen eta onurak landu zituen. Besteak beste memoria, pazientzia eta talde kooperazioa dira bideo-jokoek dakarten abantailak. Bideo-jokoak familian kontsumitzearen alde egin zuen ere.
Atsedenaldiaren ostean Kataluniatik Laura Santamaria izan genuen. Bilbora ez zen bertaratu, baina Itziar Zorrakinen modura bideo bidez jarraitu genuen bere aurkezpena, katalanez eta azpitituluekin. Gero, berarekin hitz egin genuen eta katalana bideo-jokoetan indartzeko diru-laguntzen beharra azpimarratu zuen.
Bukatzeko Digipen eta Harrobia Ikastolako ikasleek osatutako mahai ingurua izan genuen. Koldo Gorstidi, Iñaki Lerga, Ander Najera eta Mikel Sertutxa izan ziren beraien esperientzia eta itxaropenak gurekin tartekatu zituztenak.
Lau ikasleak beraien etorkizunari buruz nahiko kezkatuta aurkeztu ziren. Batzuek bere etorkizuna atzerrian ikusten dute enpresa handi batean lan egiten, baina bere desioa aukera hori Euskal Herrian aurkitzea dela aitortu zuten. Beste batzuk beraien enpresa sortzearen alde agertu ziren. Edonola ere, Euskal Herriko industria garatzeko eta euskara bideo-jokoetan indartzeko administrazioa publikoaren laguntza beharrezkoa dela adierazi zuten.
Antolatzaileak oso pozik gaude Jokoteknia 2020ko garapen eta edukiekin. 2021 eta 2022 urteetara begira lanean jarraitzeko prest gaude. Bitartean, lehenengo hiru edizioetako hitzaldiak bilduko dituen liburuxka bat prestatuko dugu, hurrengo hilabeteetan aurkezteko asmoarekin.
Jardunaldiaren bideo osoa: