2020ko Jokoteknia jardunaldiak hurrengo larunbatean ospatuko dira eta gure hizlariak hobeto ezagutzeko elkarrizketa sorta bat prestatu dugu.
Julen Urrutia animatzailea da eta Axis Studiosen lan egiten du. 3D animazioan jarduten du batez ere eta bere Instragram kontuan bere lanak ikusi ditzakegu.
3D artista zara. Pertsonaien modeloak egiten dituzu gero horiek animazioetan erabiltzeko. Zein da horiek sortzeko prozesua? Zure lanaren gakoak?
3D pertsonaia bat hasterakoan, gure lanean, Concept Art deritzegun diseinuak jasotzen ditugu beste departamentu batetik. Hauexek kontuan hartunda gure modeloak egiten ditugu. Erraz ulertzeko, norbaiten marrazki bat hartu eta horren eskultura bat egiten dugu, baina kasu honetan eskuz egin beharrean, Zbrush, 3dsmax eta bestelako programak erabilita, konputagailu bitartez egiten ditugu. Hauei, testurak eta shaderrak sortzen dizkiegu bizitza errealeko materialak imitatzeko (metala, azala, arropak…). Gero hurrengo departamentura bidaltzen ditugu lan katea jarrai dezaten.
Hiru dimentsioetan lan egiten hasteko beharrezkoa al da marrazkilari tradizionala izatea?
Ez, egia esan ez da beharrezkoa. 3D artista asko ezagutzen ditut marrazkilariak ez direnak eta beraien lanak bikainak dira. Baina oso aberasgarria da 3D artista batentzat marrazkiak egiteko gai izatea. Teknika biek zerikusi handirik eduki izan ez arren, marrazkilaritzan ikasten dituzun kontzeptuek trebezia, entrenamendu eta trikimailu baliotsuak ematen dizkizute industria honetan lan egiteko.
Zein bideo-jokoetako, film eta telesailetako animazioetan parte hartu duzu?
Axis Studios eta Blur Studios-ek antzeko lana egiten dute biek, gehien bat proiektu laburrak dira. Beraz, urte asko igaro ez arren, bideo-joko trailer eta telesail ugaritan aritu izan naiz lanean dagoeneko: Destiny 2, Happy, League of Legends, Heroes of the Storm, Love Death and Robots edo Call of Duty besteak beste.
Animazioez gain bideo-joko batean ere lan egin duzu: Heart and Slash. Zer egin zenuen bertan?
Bai, Heart and Slash bideo-joko Indie-an parte hartu nuen, nire anai Xabier Urrutia eta Sendoa Bergasarekin batera, artista bezala. Joko honetan hiru artiston artean egin behar izan genituen ikus ditzakegun gauza guztiak, beraz, pertsonaien eta ingurugiroen modeloak, eta baita beraien animazio guztiak. Bideo-jokoetarako lan egiten duzunean kontuan izan behar dituzu jokoaren mugaketa teknikoak, baina, baita ere, zure arteak jokoaren diseinuarekin bat egiten duela ziurtatzea garrantzitsua da. Animazio luzeegi batek jokoaren erritmoa hautsi dezake, animazio bezala perfektua badirudi ere. Horrelako kasu asko ematen dira jokoetan eta balantza mantentzea ez da beti gauza erraza.