Itziar Zorrakinekin hizketan

2020ko Jokoteknia jardunaldiak laister iritsiko dira eta gure hizlariak hobeto ezagutzeko elkarrizketa sorta bat prestatu dugu.

Itziar Zorrakin itzultzailea da eta Euskal Herriko Unibertsitateko doktoregaia. Hizkuntza eta bideo-jokoak ikertzen ditu eta horri buruz galdetu diogu.

Linguista izanik, zergatik eta nola espezializatu zinen bideo-jokoetan?

Teknologia berrien itzulpenean espezializatu nintzen master baten bidez eta bideo-jokoak oso erronka interesgarria zirela ikusi nuen: alde literarioa daukate, gai guztietako istorioak kontatzen dituztelako, baina baita alde tekniko eta juridikoa ere. Masterrean, bideo-jokoen transkreazioari buruzko, hau da, bideo-jokoen itzulpen kreatiboari buruzko tesina bat idatzi nuen eta ordudanik ezin izan diot ikertzeari utzi.

Euskara eta bideo-jokoak uztartzen dituen linguista asko ezagutu dituzu?

Ez, baina gero eta gehiago egongo direla uste dut. Filmen eta serieen industriekin alderatuta, bideo-jokoak oso berriak dira eta haien irabaziak urtero handitzen dira. Hain industria berria izanik, ikertu ahal diren gai asko daude oraindik. Denborarekin, teknologiaren aurrerapenek bideo-jokoen lokalizazio prozesua erraztuko dutela uste dut eta horrek hizkuntza gutxituei ere aukerak emango dizkie. Duela 20 urte edo bideo-jokoak gehienez bost hizkuntzetan argitaratzen ziren eta gaur egun hamabi hizkuntzetan eskuragai dauden bideo-jokoak dauzkagu. Baikorra naiz honi buruz.

Euskara eta bideo-joko itzulpen batean lan egiten duzu edo ikerketara mugatu zara?

Momentuz ikerketara mugatu naiz, nahiko lana ematen dit! Ingelesetik gaztelaniara itzulitako bideo-jokoetan zentratzen naiz adibide gehiago daudelako, baina lokalizazioari buruz ikertzea hizkuntza guztien onerako izango dela uste dut. Tesia defendatu ondoren, proiektu praktikoren bat ateratzen den ikusiko dugu.

Zure hitzaldian lokalizazioaren oinarriak aurkeztuko dituzu. Hauek ezagutzeak ze garrantzia izan dezake bideo-joko jokalari batentzat?

Lokalizazio baten atzean dagoen lana ezagutu ondoren, jokalariek lokalizatutako jokoak gehiago balioetsiko dituztela uste dut eta joko batzuk zergatik ez diren lokalizatzen hobeto ulertuko dute. Ezagutzen ez zuten adibide bitxiren bat ikusiko dutela espera dut eta, orokorrean, jokatu dituzten jokoak oroitzeko balioko zaie.

Itziar Zorrakinen profil osoa hemen

Utzi erantzuna