Brian C. Gilmour Osloko Unibertsitatean doktoregaia da immunologiaren arloan. Bideo-jokoak irlanderara lokalizatzea da bere zaletasunetako bat. Hainbat bideo-joko itzuli ditu, besteak beste Among Us (InnerSloth, 2018) eta PlayerUnknown’s Battlegrounds (PUBG Corporation, 2017).
Oslon lanean ari den kanadarra zara, bideo-jokoak eta irlanderari buruzko kezka duena. Nolatan suertatu da hau?
Istorio luzea da… Nire familiak jatorri irlandar pixkat dauka eta unibertsitatean hizkuntza ikasten hasi nintzen. Ikasketak amaitu ondoren, Norvegian graduondoko lana aurkitu nuen, Irlandatik gerturatuta, baina ez nahikoa. Atzera begiratuz, Irlandako unibertsitateetan izena ematea ideia ona izan zitekeen…
Zergatik hasi zinen bideo-jokoak irlanderara lokalizatzen?
Nire irlandera hobetzeko hasi nintzen. Irlanda kanpoan bizita, zaila da hizkuntza erabiltzeko tokiak aurkitzea, baina horrenbeste gustatzen zitzaidanez jarraitu egin nahi nuen.
Jakin dugunez, orain dela gutxi itzultzaile talde handiagoarekin hasi zara lanean. Talde honen zereginak azalduko dizkiguzu?
Taldearen izena Gaeilge Chun Cinn da: “Irlandera hizkuntzarekin aurrera” esan nahi du. Denbora batez elkarrekin ibili garen talde txikia gara, alabaina, antolaketa hobetuta taldea haztea espero dut. Horrek bideo-joko luzeagoak eta bestelako edukiak itzultzeko aukera eskainiko digu, eta gainera, garatzaileen arreta lortzea espero dugu.
Zeintzuk dira zuen baliabide nagusiak eta zailtasunak bideo-jokoak irlanderara lokalizatzerako orduan?
Sareko hiztegi Foclóir, Teanglann eta Téarma oso baliagarriak izan dira ikasketa eta itzulpen prozesuan. Orain dela gutxi gaeilgeoirí (irlanderaz erraz hitz egiten duten pertsonak) batzuekin elkarlanean hasi gara, laguntza handia lortuta. Itzulpenari dagokionez, gure erronka handiena garatzaileen arreta erakartzea da. Oso zaila da guregana erakartzea!