Morgan Roberts galesa zabaltzea eta sustatzea helburutzat duen Menter Iaith Sir Caerffili zentroaren arduradun digitala da. Bideo-joko klubaren kudeatzailea da eta bideo-jokoak galesera lokalizatzen ditu.
Zein da Menter Caerffili-ren helburua?
Menter Caerffili hizkuntza galesari lotutako ekimena da, komunitatean galesaren erabilera babesten eta sustatzen duena.
Zergatik hasi zinen bideo-jokoak lantzen Menter Caerffili-n?
Hasiera batean gazteentzako bideo-joko kluba eta klubari lotutako YouTube kanalak galesez sortu genituen. Aukera Eurogamer Expo 2019an geunden bitartean sortu zen; gazte taldearekin geunden bitartean indie garatzaile batekin lokalizazio galesari buruz hizketan ari ginela. 11-24 urte bitarteko gazteak sozialki galesaren erabilera sustatzeko adin-tarte garrantzitsua da guretzat, eta hori lortzeko bideo-jokoak oso aproposak dira.
Oraintxe bertan zer nolako garrantzia dute bideo-jokoek klubean?
Gure kideentzako oso garrantzitsuak dira bideo-joko klubak, egoera informaletan oso gutxitan dutelako harremana galesarekin. Bideo-jokalarien komunitate hau ongi etorria emateko prest dago eta irmoki uste dut komunitate baten parte sentitzeak norberaren ongizatearentzat onuragarria dela.
Zein da galesaren egoera bideo-jokoen industrian? Erresuma Batuko beste hizkuntza minorizatuak berdin aurkitzen dira?
Wales Interactive Galeseko joko garatzaile eta argitaratzaile nagusia da. Beraien hiru beldurrezko joko arrakastatsuenak galesera lokalizatu dituzte: Master Reboot, Don’t Knock Twice eta Maid of Sker. Espero dut enpresa honek, Galeseko erreferentea dena, bere jokoak galesera lokalizatzen jarraitzea. Beraien ibilbidea hasi duten tokiko beste indie garatzaileak daude, Pug Fugly bezala, galesera lokalizatzeko lana ere hartu dutenak. Hamar bideo-joko inguru daude galesera lokalizatuta bakarrik, beraz, bide hau hasi baino ez dugu egin.
Beste hizkuntzei dagokienez, Dicey Dungeons itzuli eta honen garatzaile den Terry Cavanagh eiretarrarekin hitz egin ondoren, gaelikoak (irlanderak) bideo-jokoen lokalizazio arloan urratsak ematen ari direla ezagutu dut. Dicey Dungeons eta Among Us dira gaelikoz eskuragarri jarri dituzten azken jokoak.
Zein da egoera hau aldatzeko jarraitu beharreko bidea?
Sormen bideak aurkitu behar dira bideo-joko denda digitalen arreta lortzeko, esaterako Steam, Apple, Epic Games, Nintendo, Sony, eta Xbox, galesa hizkuntz aukera bezala agertzeko edota plataforma barruan jokoak bilatzerakoan aukera izateko.
Aldi berean Twitch eta YouTube bezalako streaming plataformengana jo behar dugu, galesa “streaming language” aukera bezala izateko. Badakit badaudela hau lortu duten hizkuntza minorizatu batzuk eta prest nago hizkuntza minorizatuak eta bideo-jokoen sarearen bitartez nola lortu duten jakiteko. Iraunkortasuna gakoa da, eta ate-joka jarraitu behar dugu, posta elektronikoak bidaliz eta ekitaldietan garatzaileekin bilduz, eta horrela haziko gara.
2016ko Europako futbol txapelketan Galeseko talde batek lelo bat zuen: ‘Together, Stronger’ (Elkarrekin, indartsuago). Uste dut lelo hori aproposa dela hizkuntza minorizatuak hitz egiten dituzten herrialdeak elkartu gaitezkeela erakusteko, modu horretara gure helburuak lortzeko aukerak areagotuta.