Jokoteknia 2020 aurkeztu da

Azkue Fundazioa eta Game Erauntsia elkartea berriro elkartu dira Jokoteknia jardunaldiak ospatzeko.

Azaroaren 11an bildu ziren Game Erauntsiko, Azkue Fundazioko eta Bizkaiako Aldundiko ordezkariak hedabideei 2020ko edizioa aurkezteko. Aurtengo berritasun nagusia publikorik gabe gauzatuko dela da. Hizlariak Euskararen Etxean elkartuko diren arren, jardunaldiak soilik zuzenean jarraitu ahal izango dira Azkue Fundazioaren Youtube kanalaren bitartez.

Prentsaurrekoan Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak eremu digitalean kultura eta euskarak dauzkaten erronkak azpimarratu zituen. Ondoren, Iurdana Acasuso, Azkue Fundazioaren zuzendariak, bere instituzioa eta Game Erauntsiaren arteko harreman estua azpimarratu zuen.

Bukatzeko, Maitane Junguitu Game Erauntsiko kidea eta komunikazio arduradunak aurtengo jardunaldiaren nondik-norakoak zehaztu zituen. Bestalde, Xabier Arauzo Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendari nagusia prentsaurrekoaren lekuko izan zen.

Aurtengo edukiak eta berritasunak

Egitarauari dagokionez guztira lau hitzaldi eta mahai inguru bat antolatuko dira aurten. Ordutegiak jadanik Jokotekniako webgunean eskuragarri daude.

  • Julen Urrutia: Animazioa bideo-jokoetan
  • Itziar Zorrakin: Bideo-jokoen lokalizazioa aztertuz
  • Igor Gaminde: E-jokoak familian. Talde eta norbanakoentzako onurak
  • Laura Santamaria: Catalá i videojocs. Producció i pràctica traductora

Mahai ingurua, urtero bezala, Digipen Europe Bilbao eta Harrobia Ikastolako ikasleek osatuko dute. Bideo-jokoen garapena ikasi nahi duten ororentzat oso interesgarria izango da solasaldi hau.

Aurtengo edizioarekin batera Game Erauntsiak bideo-jokoei buruzko lehenengo euskarazko argitalpena prestatzen ari da. Honetan Jokotekniako 2018, 2019 eta 2020ko edizioen hitzaldiak testu gisa argitaratuko dira. Hau PDF moduan eta Creative Commons lizentziapean mundu guztiarentzat eskuragarri jarriko da etapaperezko bertsio bat argitaratzea aztertzen ari dira.

Bukatzeko, Jokotekniaren zuzeneko emisioa Azkue Fundazioaren YouTube kanalaren bitartez soilik ez, Game Erauntsiaren Twitch kanaletik ere jarraitu ahal izango da. Honekin elkartearen #3000Twitz kanpainari hasiera emango diote euskara interneten bultzatzeko eta Twichen euskara hizkuntz ofiziala bihurtu dadin.

Prentsa dosierra hemen.

Utzi erantzuna