Euskal Herriko bideojokoen industriaren egoera aztertu da 5. Jokoteknia jardunaldian

Euskarazko bideojokoak aurkezteko eta probatzeko txokoa egon zen Bilboko Harrobia Ikastolan.

Azkue Fundazioak, Game Erauntsia Elkarteak eta Harrobia Ikastolak euskara eta bideojokoak uztartzea zein euskal bideojoko zaleen komunitatea sortzea helburu duen Jokoteknia Euskal Bideojokoen 5. Jardunaldia egin dute. Urteurren berezian begirada Euskal Herrian jarri da berriz, oraingoan etxeko bideojokoen industria egoera aztertzeko eta honen inguruan hausnartzeko.

Jardunaldiak haziz joan dira azken bost urteotan; horren erakusgarri da Jokotekniak urte honetan edukitako bidelagunak eta laguntzak. Antolatzaileek era guztietako eragileen eta erakundeen babesa jaso dute ekitaldia prestatzerako unean: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Euskara sailak, SPRI – Enpresa digitalak, EITBk zein DigiPen Europe-Bilbao eta Tartanga zentroek parte hartu dute 5. jardunaldi hauen antolakuntzan.

Ibai Aizpurua bere hitzaldia eskaintzen.

Bosgarrenez egin den ekimenak egoitza berria izan du, gainera: Bilboko Harrobia Ikastolan elkartu ziren bideojokozale euskaldunak larunbatean biltzarra burutzeko. Ohi bezala, goizean industriako adituek eskainitako hitzaldiak entzuteko aukera izan zen.

Lehenik eta behin, Ibai Aizpurua Zomorro Studio-ko sortzailea izan zen Zer da Game Jam bat? hitzaldia aurkezteko. Aizpuruak bideojoko sortzaileak biltzen dituen jarduera hauei buruzko xehetasunak eman zituen, baita parte hartzeko gomendioak eman ere. Euskal Herrian zein inguruan egindako Game Jamak zehaztu ziren aurkezpenean; horrez gain, online ekimen interesgarrienak ere zerrendatu zituen euskal garatzaileak. Bukatzeko, Aizpuruak ekitaldi hauetan garatu dituen bideojoko propioak erakutsi zituen.

Bigarrenik, Anize Amestoy soinu eta musika sortzailea hurreratu zen, digitalki, Soinuekin Jostetan – Bideojokoetako soinu sorkuntzaren aurkezpen bat izeneko hitzaldia abiatzeko. Bideojokoen ekoizpenen baitan, soinu sortzaile lana aurkeztu, eta bideojokoaren formatuak ondorioztatzen duen interaktibitatea azaldu zuen, zinemarako edo telebistarako egiten den lanarekin alderatuz.

Hirugarrenik, Josu Cobelo Harrobia Ikastolako irakasleak eta bideojoko garatzaileak Bideojokoak, hezkuntza, industria eta euskara aurkezpenari ekin zion. Euskal Herrian bideojokoen garapenari lotutako aukerei buruz mintzatu zen, batez ere euskaraz eskaintzen diren ikastaroetan sakonduz. Horrez gain, aisi eta entretenimendu industriaren eta Euskadiko sektore tradizionalagoen arteko harremana zein den azaldu zuen irakasleak.

Bukatzeko, Game Erauntsia Elkarteko kideek bideojokoen munduaz euskaraz gozatzeko apustuari buruz hitz egin zuten Euskarazko bideojokoak ezagutuz aurkezpenean. Euskal bideojokozaleen komunitatea 2014an sortu zenetik euskaratuta dauden bideojokoen egoerak bizi izan dituen aldaketak azpimarratu zituzten Haritz Odriozola eta Lander Unzueta Game Erauntsiako kideek, elkarteak daukan euskarazko bideojokoen zerrendan sakonduz. Euskal garatzaileek nahiz zaleek lokalizatutako lanak aipatu, eta hauek ezagutzera emateko lanari buruz mintzatu ziren, gainera.

Ikasleekin egindako mahai ingurua.

Hitzaldien ondoren, ohi bezala, hausnarketarako eta eztabaidarako txokoa egon zen Jokoteknian. Euskal Herrian bideo-jokoen garapenarekin lotuta dauden ikasketak eskaintzen dituzten zentroetako ikasleak bildu ziren mahai inguruan: Harrobia Ikastolako, Digipen Europe-Bilbao zentroko eta Tartanga ikastetxeko ikasleek euskarazko bideojokoei, berdintasunari zein Euskal Herriko industriari buruz hitz egin zuten, ekarpen benetan interesgarriak eginda.

 

Gamer Gelan, euskarazko tituluak ardatz

Aurtengo Jokoteknia, baina, berritasunekin etorri zen. Goizera mugatu beharrean, Harrobia Ikastolan egindako ekitaldiak arratsaldean jarraitu zuen beste mota bateko ekintzak proposatzeko. Izan ere, euskarazko bideojokoen erakusleihoa, Gamer Gela, prestatu zuten antolatzaileek: gure mintzairan dauden obrak ezagutzeko eta jokatzeko gunea egon zen ikastetxean.

Hollow Knight, Super Mario 64, Townscaper, Pile Up! Box by Box, Minecraft, Rivalia: Dungeon Raiders, Return of the Obra Dinn, Kopanito All-Stars Soccer, Mario Kart 8 Deluxe eta beste hainbat lan bildu ziren ordenagailuetan, kontsoletan eta tabletetan euskaraz gozatzeko dagoen bideojokoen eskaintza ezagutzera emateko.

Horretaz gain, euskal garatzaileek beren tituluak aurkezteko tokia ere antolatu zen. Ibai Aizpurua, Josu Cobelo zein Harrobiako ikasleak elkartu ziren Guillotine, Nuclear Corps eta euskaratuta dauden beste hainbat lani buruz hitz egiteko, eta, nola ez, hauek probatzeko aukera eskaintzeko.

Etxeko txikienek euskarazko bideojokoak ezagutzeko aukera eduki zuten.

Azkue Fundazioa, Game Erauntsia Elkartea eta Harrobia Ikastola harro eta pozik gaude Jokotekniaren bosgarren urteurrenak edukitako erantzunagatik. Dozenaka bideojokozale elkartu ginen Bilbon batzen gaituen mundu honetaz gure hizkuntzan gozatzeko; ez hori bakarrik, parte hartu zuten hizlariek, ikasleek zein publikoaren artean zeuden zaleek hausnarketa, ekarpen eta ondorio benetan interesgarriak eskaini zituzten, gure etxean komunitate indartsua daukagula erakutsita.

Hitzaldi guztien bideoak laster igoko ditugu gure ohiko kanaletara. Orain, datorren urteko jardunaldia prestatzen hasteko ordua da. Aurretik, baina, 2018ko, 2019ko eta 2020ko Jokoteknietako hitzaldiak biltzen dituen liburuxka eskura daitekeela gogoratu beharra daukagu. Euskal Herriko liburutegietan zehar banatzen dugun bitartean, digitalki ere irakur daiteke PDF formatuan; horrez gain, laster Epub formatuan eskainiko dugu, liburu elektronikoetan irakurtzea errazteko.

Utzi erantzuna