Josu Cobelorekin hizketan

Josu Cobelo Harrobia Ikastolako irakaslea da. Horretaz gain, Jokoga Interactive enpresan bideojokoak garatzen ditu eta teknologia berriak ikertzen ditu. Besteak beste Clive Barker’s Jericho (2007, Mercury Steam & Alchemic Productions) eta Nuclear corps (2021, Jokoga Interactive & Harrobia Ikastola) jokoetan parte hartu du.

Irakasle, ikertzaile eta bideojoko garatzaile gisa aurkezten zara. Zaila da hiru alderdi hauek uztartzea?

Egia esan oreka perfektua da hiru alderdi hauek lotzea. Ikertutakoa ekoizpen lanetara eramatea, eta aldi berean bi arlo horietan ikasitakoa ikasgelara eramatea hobekuntza prozesu ezin hobea baita. Nik lan merkatuak behar duena bereganatzen dut, merkatura etorriko denaren kontrola daukat, eta egunero ezagutzak freskatzen ditut, hori dena gure ikasleei pil-pilean dauden ikaskuntzak eskaini ahal izateko. Ez hori bakarrik, lan merkatuan harremanak egiten ditut, ikasleentzat praktikak, dualak eta lan eskaintzak lortzearen helburuarekin.

Zailena denbora kudeaketa da. Familia kontuak, arlo pertsonalak eta lanaren arteko oreka lortzea horrenbeste gauza interesgarri esku artean izanda ez da erraza.

Zer nolako ikerketa motak burutzen dituzu? Nolako eragina dute ikerketa horiek irakasle zein garatzaile esparruetan?

Tknikan, Eusko Jaurlaritzaren Hezkunta Profesionalaren ikerkuntza sailean lan egiten dut “Eremu Birtualen” esparruan ikerlari kolaboratzaile. Momentu honetan, teknologia murgiltzaileak euskal hezkuntza profesionalaren edozein esparrutan erabiltzeko aukerak lantzen ari gara. Errealitate birtualean, errealitate areagotuan eta errealitate hedatuan hezkuntzarako aplikazio zuzenak bilatzen.

Horretarako, teknologia berri hauetarako prototipoak garatzen ditugu, ikastetxeen beharrak asetu nahiarekin,baita enpresen beharrak entzunez eta asetuz ere.

Bertan ikertutakoak klasera transferitze zuzena dauka. Eta baliteke, enpresaren batentzat behar profesionalen bat topatu eta garatzeko aukera ere egotea. Tknikako beste programa baten bitartez gara daitezkeen proiektuen bidez, Tkgune proiektuak alegia.

3D animazioak, bideojokoak eta ingunera elkarreragileak izeneko hezkuntza zikloan irakasle zara. Zer erakarrita hurbiltzen dira ikasleak? Zinemarako, telebistarako edo Interneterako animazioak, edo bideojokoak?

Ikasle askok bideojokoen munduan sartu nahi dute. Gutxi batzuek, ordea, ikus-entzuneko munduan interesa dute, 3D animazio produkzioetan. Gehiengoak, ikasketak aukeratzerakoan ez dauka argi zein merkatutan lan egin nahi duen. Eta egia da euskal merkatuak arlo hauetarako muga handiak dituela; arlo industrialagoetan, baina, aukera gehiago daude, eta gure ikaslegoaren hasierako interesatik at daude hauek.

Bideojoko garatzaile bihurtzeko profesionalizaziorako bidean, zer nolako garrantzia dauka eskolak eman dezakeen lanbide orientazioa?

Erabatekoa. Bizkaiko bideojokoak garatzen dituzten enpresa guztietan sartuta gaude, gure ikaslegoa bertan kokatzeko. Guztientzat lekurik ez dagoenez, jakitun gara ekintzailetza bultzatu behar dugula, eta horretan aritzen gara buru belarri. Ikastola barnean ikasleak taldeak sortzera bultzatzen ditugu, ekintzailetzaren bultzatzaile amorratuak gara. Euskal bideojokoen industria, gaur egun, gaztelaniaz esaten den bezala “pixoialetan dago”, saiakera asko egon dira, baina bideojokoen garapenaren demokratizazio berriaren ondorioz etorri garen enpresek gutxi irauten dute, arlo industrialetara mugitzen dira, edo arrakasta lortzen dutenak arazoak dituzte beren jardunei jarraikortasuna emateko. Espero dugu euskal industria finko bat sortzea behingoz.

20 urteko ikasle batek enpresa bat sortzeak daukan ekarpen pertsonala zein profesionala oso handia da. Nahiz eta estropezu egin, garatzen dituen gaitasunak eta eskarmentua bizitza osorako baliagarriak izango zaizkio, bere buruaren balioa lan merkatuan handituz.

Josu Cobeloren profil osoa irakurtzeko, sakatu hemen

Utzi erantzuna