Maria Casañasekin hizketan

Maria Casañas GamingCat elkarteko kideetako bat da. Aurten Jokoteknia kongresuan izango da bideo-jokoen arloan katalan hizkuntzaren egoera azaltzeko.

Zein da GamingCat elkartearen egitekoa?

Associació GamingCat irabazi asmorik gabeko elkarte bat da. Bere helburua da bideo-jokoen arloko ekitaldietan eta espazioetan katalan hizkuntzaren erabilera sustatzea. Azken bi urteetan gure egitekoa Twitch-era eta Internetera bideratu dugu, baina laster aurrez-aurreko ekintza gehiago burutu ahal izatea espero dugu.

Ze motatako pertsonak zaudete elkartean? Garatzaileak daude edo batez ere zaleek osatutako komunitatea zarete?

Streamerrak ditugu, beste batzuk bideo-jokoen arloan lan egiten dute, eKirol esatariak daude, eta gehiengoa bideo-jokoen zalea da besterik gabe.

Gure elkarteak, katalanaren erabilera sustatzeaz gain, sozializatzea eta komunitatea sortzea du helburu. Komunitateko jende asko jokatzeko elkartzen da (jokalari anitzetako jokoetan), eta katalanez egiten dute nahiz eta bideo-jokoa katalanez ez egon. Partida multijokalari bat jokatzen duzunean, bilaketa bizkorra egin dezakezu edota jadanik sortutako taldeetan. Gure elkartearen helburuetako bat da bideo-jokoetan aritzerakoan jokalariek katalana hitz egin ahal izatea da edota joko plataforma berdineko jendearekin elkartu eta laguntasuna sortzea.

Gainera, bideo-jokoen inguruko beste komunitate batzuekin harremana daukagu, esaterako Catalunya Playstation (Playstation), Nintenhype (Nintendo), Xboxers Catalans (Xbox), Catalunya RP (rola GTA V jokoan), CATCOM (Star Citizen), CAT of Duty (Call of Duty) eta VR Catalans (errealitate birtualeko bideo-jokoak).

Zein egoeratan dago katalan hizkuntza bideo-jokoen arloan?

Ezkorra ez izatea gustatuko litzaidake, alabaina, katalan hizkuntza baztertuta dagoela uste dut honako arrazoiengatik:

  • Katalanera jokoak itzultzeko diru laguntzak dauden arren, enpresek ez dituzte ezagutzen edo diru laguntza lortzeko beraien lana egokitzeak arazoak dakartza, eta, horregatik, nahiago dute hizkuntza globalekin jarraitu.
  • Nahiz eta katalanez zabaltzen diren liga eta torneo amateur batzuk egon, ez dago hizkuntza honetan zabaltzen diren nazioarteko eKirol txapelketarik. Beraz, kalitatezko erreferenteak falta dira.
  • Bideo-jokoen mundu mailako zabalkundea: espainolera Latinoamerikari eta Espainari aldi berean eragiteko balio du, eta aldi berean, ingelesak Amerikako Estatu Batuak, Erresuma Batua eta beste batzuk. Gainontzeko lurraldeak merkatura moldatzen dira hizkuntza ezagutzen dutelako.
  • Gure hizkuntzan bikoizketa ia ez da existitzen. Joko askok bikoizketa ingeleraz dute eta azpitituluak gazteleraz.
  • Proiektu asko “Projecte Ce Trencada” (itzultzaile taldea, GamingCat-ekin kolaboratzen duena) taldeak itzuli dituen arren, enpresa batzuek ez dute interesik bideo-joko horiek beraien bertsio ofizialetara gehitzeko. Besteak beste, Among Us joko ospetsua itzuli zuten eta InnerSloth enpresak ez du jokora gehitu katalanezko bertsioa.
  • Bideo-joko ospetsu gutxi daude katalanez, beraz, ez dira erreferentzia asko existitzen. Hauen artean ezagunenak Minecraft, PUBG eta bidean dagoen Dark Souls dira.

Zein da elkarte bezala lortu duzuen mugarri esanguratsuena?

Esango nuke Gaming.cat-ek lortu duen mugarri garrantzitsuena komunitate bat sortzea izan dela. Komunitate honetan egunero jokalarien arteko interakzioa dago talde-joko berdinean aritzeko kideak bilatzen, berehalako txaten bitartez eguneroko elkarrizketak (Telegram eta Discord) eta beti katalanez. 2020 urteko itxialdi bitartean pertsona askok eskatu ziguten gure komunitatearen parte izatea eta gaur egun 500 kide gara Telegram taldean eta 1500 Discord-en. Orain dela urte batzuk hori pentsaezina zen.

Beste mugarri esanguratsu bat Twitch-ek katalan hizkuntzaren etiketa bere plataforman onartzea izan zen. Hau beraien erabiltzaile foroen bitartez egindako eskera baten bidez eta sare sozialen presioari esker lortu zen. Eskaera Roger Baldomàk egin zuen eta GamingCat-ek bultzatu zuen.

Azkeneko mugarria TV3-ko Marató-aren baitan egindako Twitch-eko zuzenekoa izan zen. 15 orduz egon ginen zuzenean, gonbidatutako ospetsu batzuen laguntzarekin, edukia etenik gabe zabaltzen dirua biltzeko. Emanaldia amaitu genuenean 2.000 euro baino gehiago bildu genituen eta gure zuzenekotik 4.000 pertsona inguru pasa ziren.

Maria Casañasen profil osoa irakurtzeko, sakatu hemen

Utzi erantzuna