Igor Gaminderekin hizketan

2020ko Jokoteknia jardunaldiak hurrengo larunbatean ospatuko dira eta gure hizlariak hobeto ezagutzeko elkarrizketa sorta bat prestatu dugu.

Igor Gaminde Pantalla Amigas egitasmoan hezkidetzailea da. Heldu eta haurrei zuzendutako formakuntzak eskaintzen dituzte sare sozialak eta Interneten erabileraren inguruan.

Pantallas Amigasen hezkidetzaile bezala lan egiten duzu. Normalean, Interneten erabilerari buruz ari garenean, gazteak etortzen zaizkigu burura. Zuk helduekin ere lan egiten duzu. Behar desberdinak dituzte heldu eta gazteek?

Zoritxarrez, ez. Egun guraso gazteak direnak eta hauen alaba-semeek arrisku berdinen aurka egin behar dute. Formakuntzetan lantzen ditugun gaiak berberak dira adin guztietarako: sare sozialen eta hauen erabilera, norberaren eta besteen pribatutasuna zelan bermatu eta zein arrisku dagoen hau galtzean eta Internet bidez gertatzen diren erasoak (ziberjazarpenak, genero indarkeriak, datuen galera edo lapurreta…).

Arriskuak zeintzuk diren eta hauen prebentzioa lantzen dugu adin guztiekin. Aldatzen dena gaia lantzeko metodologia da.

Zein da zure iritzia natibo digital kontzeptuari buruz? Gainditua dago?

Natibo digital” kontzeptua gaur egun nola erabiltzen den ez dut gustuko. Kontzeptua “jaiotzetik teknologia digitalaz inguratuta bizi” diren pertsonei aplikatu behar omen zaie. Hau da, 70eko hamarkadako azken urteetan munduko edozein herritan jaioetakoei. Benetan?

Gainera, nork baieztatzen du teknologiaz inguratuta jaiotzeak horiek erabiltzen jakitea dakarrela? Ohiturak erraztasuna eman dezake, baina ez jakintza. Egia da, haurrek, azken hamabost urteetan sortutako ukimen-teknologiadun gailuak oso modu errazean eta oso gaztetatik erabiltzen dituztela. Baina haurren gaitasunak dira? edo ukimen-teknologiaren gailuen diseinuak eragindako egoera da?

Nire ustez, 2005. urte ingurutik aurrera jaiotako haur, nerabe eta gazte asko eta asko “umezurtz digitalak” dira. Haien gurasoek gaur egun erabiltzen ditugun teknologia askoren inguruko ezagutza txikia dute, eta hori etengabe ikusten dugu guraso eta irakasleentzako egiten ditugun formakuntza saioetan. Eta larriena sakondu nahi izaten ez dutela da. Gazte askoren ezagutza maila ere azalekoa da; gurasoena baino sakonagoa, baina azalekoa.

Ikastetxe askok ahalegin handia egiten dute urtero, eta hala jarraitu behar dute. Lehen hezkuntzatik hasita, gazteen gaitasun digitala areagotu behar da eta Interneten dauden arriskuen aurka baliabideak izan ditzaten lagundu behar ditugu ikastetxeak. Agian, ondorengo belaunaldiren bat izango da benetako natibo digitalena.

Zure iritziz, zein edo zeintzuk dira Internet eta bideo-jokoen erabilera osasuntsuak dituen erronka nagusiak?

Erronka nagusi bi daudela uste dut, eta hauen oinarria azken hamarkada honetan eJolasak eskuko telefonoetara iritsi direla da.

Alde batetik, kontuan hartu behar dugu gailu txikietako jokoen diseinua makina txanponjaleek aurkezten duten berdina dela. Erronka handiena gehiegizko erabilera eta hauekin diru gehiegi gastatzea ekiditea izango dela uste dut. Badira, gaur egun, nerabe asko gailuen mendeko direnak. Ez dakite ezer egin gabe egoten. Aspertuta egotea ere pantaila bati lotuta egiten dute. Esanguratsua da adikzioei arreta ematen dieten zentroetara helduak ez diren pertsona gehiago doala orain duela hamarkada bat baino.

Eta bestetik, gailuen erabileraren ondorioz sortzen diren datuekin enpresek egingo duten erabilera dugu. Gure bizitza pribatuaren datuak, egiten duguna eta egiten ez duguna, gustatzen zaiguna eta gustatzen ez zaiguna, balio handiko informazioa da. Enpresek premia ikaragarria dute gure begirada eta arreta lortzeko. Gainera, eskoletan hasten da datu hauen bilketa.

Gaur egun haurrek egiten duten gailuen erabilerak, literalki, haien bizitzarekin ordainduko dute. Izan ere, AEBtan Facebookeko ekintzak (likeak, partekatutako edukiak) erabiltzen hasi dira, adibidez, kotxe edo osasun aseguruen prezioak pertsonaren arabera aldatzeko. Hemen, saltoki handi batzuetan kode postala erabiltzen da eta kode batzuetako pertsonak gutxiago etortzen badira erostera, hauei egindako online eskaintzak handiagoak dira.

Zure hitzaldian e-jokoei buruz arituko zara. Nola definituko zenituzke?

eJokoak edo eJolasak” adin batetik gorakoek bideo-joko bezala ezagutzen ditugunak dira. Bideo-joko hitzak nerabe eta gaztetan game-gune edo arcade makinetara jolastera joaten nintzeneko garaiak dakarzkit gogora.Gaur egun “teknologia berriak” esatea bezala da. Duela 40 urte baino gehiago sortutako teknologiak jadanik ez dira berriak. Bestalde, mahai gainean jokatzen ziren jolasak eJoko bertsioa dute, baina ez dira bideo-jokoak bakarrik. Internetera konektatuta egoteak beste interakzio maila bat gehitu diezaioke jokoari, baina ez du berez jokoaren funtsa aldatu behar. Adibide gisa partxisa, damak, xakea, mastermind, musa eta beste hainbeste eJolas edo eJoko bihurtu dira.

Igor Gaminderen profil osoa hemen

Utzi erantzuna